Gizartea -

Koronabirusa

Gorenak berretsi du Osakidetzak eta Ertzaintzak ez zituztela langileak ondo babestu

Horrenbestez, sindikatuei arrazoia eman die Auzitegiak, aurrez EAEko Auzitegi Nagusiak emandako ebazpen bana berretsita. Jaurlaritzak dio epaia errespetatzen duela baina ez dagoela ados.

EAEko Auzitegi Nagusiak Osakidetza zigortu zuen langileak ondo ez babesteagatik. Argazkia: EFE
Osakidetzako langileak gaixo bat artatzen iazko udaberrian.
EAEko Auzitegi Nagusiak Osakidetza zigortu zuen langileak ondo ez babesteagatik. Argazkia: EFE

E. G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Gorenak arrazoia eman die Ertzaintzaren eta Osakidetzaren sindikatuei eta berretsi egin ditu EAEko Auzitegi Nagusiak emandako bi ebazpen. Horien arabera, Eusko Jaurlaritzak ez zituen behar bezala babestu bi erakundeetako langileak covid-19aren pandemiaren lehen olatuan.

Sindikatuek auzitara jo zuten pandemiaren lehen urratsetan babes neurriak falta zirela eta. Horren harira, EAEko Auzitegi Nagusiak ekainean ebatzi zuen Segurtasun Sailak koronabirusaz babesteko materiala eman behar ziela agenteei, "derrigorrez". Uztailean, antzeko ebazpena kaleratu zuen Osakidetza zigortuz. Auzitegiak argudiatu zuenez, Euskadiko Osasun Sistemak arriskuan jarri zituen beharginak norbera babesteko ekipo egokiak eman gabe utzita.

Argudio horiekin bat egin du, beraz, Auzitegi Gorenak, eta Jaurlaritzak horien kontra aurkeztutako kasazio errekurtsoak baztertu ditu. Erabakia aho batez hartu du Gorenak.

Jaurlaritzak bere menpeko langileak babesteko duen erantzukizuna baieztatzeaz gain, Gorenak ebatzi du sindikatuek "egoki" jokatu zutela "langileon oinarrizko eskubideak, zehazki, bizitzarako eta osotasun fisikoa bermatzeko eskubideak" defendatuta, eta gogorarazi ditu "pandemiaren lehen fasean beharginok euren lana egiteko izan zituzten ezohizko baldintzak".

Hala, Auzitegiaren iritziz, sindikatuek bazuten "zilegitasuna" eskubide horien "tutoretza judiziala" egiteko.

Gorenak bere erabakia aurreratu baino ez du egin gaur, eta datozen egunetan kaleratuko du epaia osorik.

Jaurlaritzaren irakurketa

Eusko Jaurlaritzak ohar bidez jakinarazi du erabakia "errespetatzen" duela baina ez duela berarekin bat egiten, EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpenekin bat egin ez zuen bezala. Izan ere, argudiatu du, horregatik aurkeztu zuen kasazio errekurtsoa.

Jaurlaritzak "funtsezkotzat" jo du sindikatuek egindako eskari hori testuinguruan kokatzea. Gogorarazi duenez, pandemiaren hasierako uneetan izan zen, "duela urtebeteko testuinguru zehatz hartan".

"Garai hartan, covid-19ko biktimei laguntzeko eta baita Osakidetzako osasun profesionalak eta pandemiari aurre egiteko funtsezkoak ziren beste lanbide batzuk babesteko —tartean Ertzaintza— osasun materiala oso urria zen Euskadin eta mundu osoan. Oso une konplexua zen, mundu osoan ekipoen fabrikazioa blokeatuta zegoelako, eta honek eragin zuzena izan zuen hornidurarekin ikuspegitik, esparru eta toki guztietan. Gainera, gogoratu behar da, etxeko konfinamendu betean geundela eta produkzio, logistika eta garraio jarduera guztiak itxita zeudela", erantsi du.

Dena dela, Jaurlaritzak nabarmendu duenez,  "gaur egun, banakako babes ekipamendu egokiak bermatzen dizkie Euskal Administrazio Publikoan lan egiten duten pertsona guztiei. Euskal sail, erakunde edo entitate publiko bakoitzeko prebentzio eta osasun taldeek babes protokoloak eta planak dituzte, plantillako pertsona bakoitzaren arriskuaren ebaluazioarekin bat datozenak. Eusko Jaurlaritzak bermatzen du prebentzio eta osasun zerbitzu horien irizpide profesionalen arabera ezartzen diren material sanitarioak eta babesekoak hornituko direla".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Ertzaintza Eusko Jaurlaritza ELA Auzitegi Gorena argazkiak Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Sindikatuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak CCOO Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak Maskarak EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko epaiketak