Gizartea -
Indarkeria matxista
33 urteko gizon bat atxilotu dute Bilbon Gasteizen emakume bat bahitzeagatik
Gizonezkoa asteazken gauean hartu zuten atxilo legearen kontrako atxiloketa egotzita. Atzo eraman zuten epailearen aurrera, eta horrek deklarazioa hartu ostean, libre geratu zen.
E. G. | EITB MEDIA
Bilboko Udaltzaingoak 33 urteko gizon bat atxilotu zuen asteazkenean emakume bat bahitu eta indarrez atxikitzeagatik. Emakumea Gasteizen bahitu, eta autoan Bilbora eraman zuen atxilotutakoak. Legearen kontrako atxiloketa delitua egotzi diote. Epaileak aske utzi zuen atzo, deklarazioa hartu ostean.
Bilboko Udaleko zein Ertzaintzako iturriek eitb.eus-i jakinarazi diotenez, gertakariak asteazkenean jazo ziren. Bilboko Udaltzaingoari Karmelo kalera (Santutxu auzoan) joateko eskea egin zioten hainbat herritarrek, bahituta egon zen emakume batekin zeudela ohartarazita. Andreak agenteei kontatu zienez, gizon batek Gasteizen bahitu zuen, eta indarrez bere autoan, Volkswagen beltz batean, Bilbora ekarri zuen.
Begoñako Polizia Ikuskari Teknikoen Unitateko agenteek eremua arakatu zuten eta handik gertu topatu zuten autoa, eta horren barruan, ustezko erasotzailea. 33 urteko gizonezkoa 23:25ean atxilotu zuten legearen kontrako atxiloketa delitua egotzita.
Une horretatik aurrera auzia Ertzaintzaren esku geratu zen, halako delituak bere eskumena direlako. Atxilotutakoa polizia-etxera eraman zuten, eta atzo igaro zen epailaren eskutik. Deklarazioa hartuta, aske geratu zen atzo.