Itxi

2021/02/19

12:54

Gizartea

Jaurlaritzaren ikerketa

Gizonek gutxiago atzematen dituzte genero desberdintasunak eta soldata arrakala

E. G. | EITB MEDIA

Lan esparruko berdintasun mailaren pertzepzio ezkorragoa egiten dute emakumeek, eta hainbat kontutan, 10 puntuko aldea dago gizonek dutenarekiko.

  • Bi emakume laborategi batean lanean.

    Bi emakume laborategi batean lanean. Argazkia: Pexels

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Euskadin gizonen eta emakumeen arteko berdintasun mailari buruz dagoen pertzepzioa 6 ingurukoa (0tik 10erako eskalan) bada ere, gizonek gutxiago atzeman dituzte lan arloan dauden genero desberdintasunak eta soldata arrakala, Eusko Jaurlaritzaren Prospekzio Soziologikoen Kabinetearen txostenaren arabera ("Soldata arrakala eta genero-arrakalak lan-merkatuan").

Txostenak horretaz galdetzeko telefonoz egindako 1.200 elkarrizketa ditu oinarri. 18 urtetik gorako herritarrei gizon eta emakumeek lan merkatuko soldata arrakalaren eta genero arrakalaren aurrean duten jarrera eta pertzepzioei buruz galdetu zieten 2021eko urtarrilaren 21a eta 26a bitartean.

Horren arabera, inkestatuek 6,3ko nota jarri diote (0 "erabateko desberdintasuna" dela eta 10 "erabateko berdintasuna") Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen berdintasun mailari. Dena dela, emakumeen balorazioa (6,0) gizonena (6,6) baino okerragoa da. Pertzepzio horrek hobera egin du 2012koarekin alderatuta, urte horretan 5,6 puntukoa izan baitzen, eta mantendu egin da 2015ekoarekin alderatuta.

Lan esparruan dagoen berdintasun mailaren pertzepzioa aurrekoa baino pixka bat baxuagoa da, 6,1ekoa, eta horretan ere emakumeen pertzepzioa (5,7) gizonena (6,4) baino okerragoa da. Izan ere, emakumeen balorazioa gizonena baino negatiboagoa da lan alorreko hainbat kontutan: soldatetan; enpresetan ardura lanpostuetarako aukeretan; lana, familia eta bizitza bateragarri egiteko aukeretan; lanean gora egiteko aukeretan; laneko egonkortasunean eta enplegua aurkitzeko aukeretan. 10 puntu edo gehiagoko aldeak daude emakumeen eta gizonen arteko pertzepzioetan. Soldaten alorrean, apalagoa da ezberdintasuna (bost puntukoa).

Soldata arrakalari dagokionez, gizonezkoek ez dute horrenbeste atzematen: emakumeen % 79k eta gizonen % 72k uste dute emakumeei gizonei baino gutxiago ordaintzen zaiela lanorduko.

Euskal herritarren % 69ren esanetan, soldata arrakalari buruz hitz egiten entzun dute eta badakite zer den, % 17k horretaz hitz egiten entzun dute baina ez dakite zer den eta % 14k ez dute horri buruz hitz egiten entzun. Bitxia bada ere, zer den dakitenen artean gizonak dira nagusi (gizonen % 76k eta emakumeen % 63k erantzun dute hori).

Era berean, emakumeak gizonak baino diskriminatuagoak sentitu dira lanean beren sexuagatik; emakumeen % 5 oso sarritan, % 7 sarritan eta % 20 noizean behin. Lanean beren sexuagatik diskrimitatuta sentitu direla esan duten gizonen artean, % 2 oso sarritan, % 2 sarritan eta % 7 noizean behin sentitu dira horrela.

Azkenik, covid-19aren pandemiak diru-sarreretan izan duen eraginari buruz galdetuta, emakumeak banatuta daude: eragin berdina izango du bien diru-sarreretan erantzun dutenen % 48ren iritziz eta eragin okerragoa izango du emakumeengan % 46ren ustez. % 4k uste dute eragina okerragoa izango dela gizonen diru-sarreretan. Gizonen artean, aldiz, % 62k uste dute bien diru-sarrerei berdin eragingo diela, % 30en aburuz okerrago eragingo die emakumeei eta % 6ren ustez kalte handiagoa egingo die gizonei.

Enplegu ordaindua duten pertsonen kolektiboan, emakumeen % 52k uste dute eragin negatiboagoa izango duela emakumeen diru-sarreretan, eta gizonen artean, berriz, % 30ek uste dute hori bera.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;