Gizartea -
NEKAZARITZA
Neiker ardoaren kalitateari nola eutsi aztertzen ari da klima-aldaketaren aurrean
Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea mahatsondoaren biodibertsitatea, ongarritzea eta landare-estalkien erabilera ikertzen dituen ikerketaren koordinatzailea da.
EITB MEDIA
Neiker Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeak mahatsondoaren biodibertsitatea, ongarritzea eta landare-estalkien erabilera aztertzen ditu, besteak beste, klima aldaketaren aurrean ardoen kalitatea mantentzeko. Klimaren aldaketak tenperaturen igoera eragiten du eta horrek eragina du mahatsaren heldutasunean.
Erakundeak jakitera eman duenez, lana Vitisad mugaz gaindiko proiektuaren barruan dago. Neikerrek koordinatzen duen eta Europako hego-mendebaldeko mahastietako etorkizuneko baldintza klimatikoetara egokitzea bilatzen duen proiektua Europako funtsekin finantzatu da eta 657.587 euroko aurrekontua du.
Klima aldaketaren ondorioetako bat tenperatura igoera da. Horrek mahatsa sasoi epelago batean heltzea dakar, eta, beraz, bere ezaugarri kualitatibo batzuk aldatzea; kolorea edo azidotasuna, esate baterako. Horrez gain, euri-jasak ugaritzea ere aurreikusten da, eta horrekin, higaduraren ondorioz, lurzorua galtzeko arrisku handiagoa egon daiteke.
Neikerreko ikertzaileak horiei guztiei aurrea hartzen saiatzen dira, mahastiak egoera berrietara egokitzeko eta, horrela, mahatsaren kalitateari eusteko aukera izan dezan.
Proiektuak 32 hilabeteko iraupena izango du, aurreikuspenen arabera, eta lantaldea honako hauek osatzen dute: NEIKER, koordinatzaile lanetan; Errioxako Gobernuko Nekazaritza eta Abeltzaintzako Zuzendaritza Nagusia; Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusia; Pirinio Atlantikoetako Nekazaritza Ganbera eta IFV (Frantziako Mahastiaren eta Ardoaren Institutua).
Landare estalkia jartzea aztertzen ari dira, lurzorua mantentzeko sistema gisa, higadurari aurre egiteko, lurzoruaren kalitatea hobetzeko eta anduiaren osagai begetatiboa eta produktiboa orekatzeko. Ureztatzeko ura eraginkortasunez erabiltzeko praktikak egiten ari dira, hainbat teknika erabiliz (aireko tanta jarioa, lurpeko tanta jarioa eta azaleko ureztatzea), eta teknika horiek landare estalkiak erabiltzearekin ere lotzen dira.
Proiektuak, halaber, mahastizain eta upategiei prestakuntza eta laguntza ematea aurreikusten du, praktika horiek erabiltzeko eta barneratzeko. Dagoeneko 30 partzela pilotu daude Espainiako eta Frantziako estatuetako mahasti komertzialetan, esaterako, landare-estalkiak erabiltzen, gramineo eta lekadun espezie ezberdinez osatutakoak. Izan ere, 2020an 100 ardo inguru ekoitzi dira praktika horiek erabiliz.