Gizartea -
Ingurumena
30 animaliatik gora agertzen dira urtero kostaldean hondartuta
Abendu eta apiril artean geratzen dira gehienak, denboraleen ondorioz. Gehienak zetazeoak eta pinipedioak dira, baina marrazoak eta dortokak ere hondartzatik irten ezinik geratzen dira.
EITB Media | Agentziak
Urtero 30 eta 40 animalia artean kostaldean hondartuta geratzen dira. Gehienak zetazeoak eta pinipedioak dira, baina marrazoak eta itsas dortokak ere agertzen dira hondartzetan. Guztiak artatzen ditu zientzialari boluntarioez osatutako Euskadiko Lehorreratze Sareak.
Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldean harrapatuta geratzen diren animaliak artatzen ditu sareak. Gainera, kostaldean daudenen espezieen inguruko informazioa ere biltzen du, Naturako Informazio Sisteman jasotzeko.
Datuen arabera, urtero 30 eta 40 artean agertzen dira, batez ere abendu eta apiril artean. Haizearen eta denboraleen eraginez geratzen dira harrapatuta. Gehienak Donostian, Zarautzen eta Zumaian, Gipuzkoan, eta Getxon eta Sopelan, Bizkaian, gertatzen dira.
Batzuetan, sareak marrazoak edo beste arrain handiak eta itsas dortokak artatzen ditu, baina ez dira ohikoenak. Kasu gehienetan zetazeoak eta pinipedioak dira.
20 urteko lana
Eusko Jaurlaritzak eta Ambarrek -itsas fauna ikertzeko eta kontserbatzeko elkarteak- 20 urtez mantendu dute sarea. 2017an sinatutako hitzarmenean harremana indartu zuten.
Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) egindako ekitaldi batean aurkeztu dute sarearen lanaren berri ematen duen bideoa. Bertan izan dira Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen sailburuordea, Asier Arrese Natura Ondare eta Klima Aldaketako zuzendaria eta Leire Ruiz Lehorreratze Sarearen zuznedaria eta Ambarreko presidentea.
Esan dutenez, bi erakundeen arteko harremanak ahalbidetu du sarea "sendoa" izatea eta "hondartuta geratzen diren animalia guztiei laguntza ematea, ahal denean". Horren ondorioz, bikoiztu egin da parte hartu duten ekintza kopurua.
Gainera, 90. hamarkadatik gaur egunera arte ikusitako zetazeoen eta pinipedioen datuak hartu dira. Horrela, horien egoerari buruzko informazio gehiago izatea ahalbidetzen du.
Hondartza batean harrapatuta dagoen itsasoko animalia bat ikustean, nahikoa da 112 (SOS Deiak) zenbakiari deitzea Lehorreratze Sareari abisua emateko.