Gizartea -

Indarkeria matxista

Azagran izandako eraso matxista salatu dute ehunka pertsonak

Biktima, 54 urteko emakume errioxarra, oso larri dago Nafarroako ospitalean. Bere etxean aurkitu zuen Foru Poliziak, indarkeria arrasto oso gogorrekin.

Elkarretaratze isila Azagran (Nafarroa). EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
Elkarretaratze isila Azagran (Nafarroa). EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
Elkarretaratze isila Azagran (Nafarroa). EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.

E. L. | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako erakundeen ordezkariek eta Azagrako herritarrek atzoko eraso matxista gaitzetsi dute elkarretaratze isil batean. Bikotekideak 54 urteko emakume bati eraso egin zion larunbatean. Ondoren, Foruzaingoak erasotzailea atxilotu zuen.

Azagrako Udalak deitu du elkarretaratzea. Javier Remirez Nafarroako Gobernuko presidenteordeak, Jose Luis Arasti Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak, Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidenteak eta Eva Isturiz Berdintasun Institutuko zuzendariak protestan parte hartu dute.

Era berean, Nafarroako parlamentariak, Ruben Medrano Azagrako alkatea eta zinegotziak, eta Guardia Zibileko eta Foruzaingoko ordezkariak bertan izan dira.

Quel herriko kontsultategian lan egiten duen erizain errioxar bat da biktima, baina Arnedoko osasun zentroan ere guardiak egiten ditu.

Erizaina helikopteroan Nafarroako Ospitale Gunera eraman behar izan zuten, izan ere, bikotekideak "oso gogor" astindu zuen. Erasotzaileak emakumea hil zuela uste, eta Foruzaingoaren komisarian azaldu zen.

Javier Remirez presidenteordeak azpimarratu duenez, "Azagrako bizilagunak atzo jasandako erasoa irmo gaitzesten du Nafarroako Gobernuak, eta familia osoari elkartasuna eta babesa adierazi nahi dizkio".

"Gobernu gisa, ezin ditugu eraso matxistak onartu; ondorioz, gure lehentasunak argiak dira", adierazi du Remirezek. Zentzu horretan, "horrelako egoerak ez errepikatzeko" lanean ari direla erantsi du presidenteordeak.

Bestalde, erasoa argitzeko lanean ari direla azaldu du buruzagiak. Erasotzailea epailearen esku jarriko dute astelehenean.

1998tik 18 emakume hil dituzte Nafarroan

Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez, 1998ko irailaren 25etik 2018ko urriaren 23ra arte 18 emakume hil ditu indarkeria matxistak Nafarroan.

Iaz, 1.380 salaketa aurkeztu zituzten indarkeria matxistagatik Nafarroan.

Osasun langileek erasoa gaitzetsi dute

Errioxako osasun profesionalen elkargoek eraso matxista gaitzetsi eta errefusatu dute. Horrela, Errioxako Erizain Elkargoak gertatutakoa gaitzetsi eta arbuiatu du agiri batean.

Era berean, Errioxako Medikuen Elkargo Ofizialak "lankide baten" aurkako erasoa "irmo gaitzetsi" du beste ohar batean, "onartezina" delako.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta / edo deitu doako telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Nafarroa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Feminismoa Erizaintza Nafarroako Ospitale Gunea Errioxa