Gizartea -

Koronabirusa

Nafarroak covid-19aren aurkako neurriak malgutu ditu

Besteak beste, ostalaritzaren barrualdea ireki dute % 30eko gehienezko edukierarekin, ospakizunak egin ahal dira jatetxeetan, eta bi bizikidetza unitate elkartu ahal dira eremu pribatuan.

Taberna bat Nafarroan. Argazkia: Efe
Taberna bat Nafarroan. Argazkia: Efe
Taberna bat Nafarroan. Argazkia: Efe

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaurtik, covid-19aren aurkako prebentzio neurriak malguagoak dira Nafarroan pandemiaren bilakaera dela eta. Hala, % 40ra igo du merkataritzagune ertain eta handien edukiera, ostalaritzako barrualdea ireki da % 30eko edukierarekin, eta ospakizunak egin ahal dira jatetxeetan. Era berean, bi bizikidetza unitate elkartu ahal dira eremu pribatuan, gehienez 6 pertsona.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak berretsitako neurriak dira, eta Nafarroako lehendakariaren foru dekretu batean eta Osasun kontseilariaren foru agindu batean daude jasota. Neurri berriak martxoaren 11ra arte egongo dira indarrean, eta egoera epidemiologikoaren arabera luzatu edo aldatuko dituzte.

Ostalaritza

Osasun kontseilariaren foru aginduan agertzen denez, ezkontzak, bataioak eta jaunartzeak egin ahal dira jatetxeetan, gehienez ere 12 pertsonarekin barrualdean, eta 20rekin kanpoaldean.

Bestalde, aurreko astean aurreratu zuten moduan, baimenduta dago taberna, jatetxe eta kafetegietako barrualdean kontsumitzea, gehienez ere % 30eko edukiera errespetatuta. 

Nafarroako Gobernuaren esanetan, kontsumoa beti mahaian eserita egin behar da, 2 metroko distantzia egon behar da horien artean, eta gehienez 4 pertsona bakoitzean. Salbuespen gisa, 6 pertsona elkartu ahal dira mahaiak handiak direnean eta pertsonen artean metro eta erdiko distantzia bermatuta dagoenean.

Terrazek % 100ean jarraituko dute, eta ez erretzea gomendioa bada ere, debekatuta dago gainerako bezeroekin 2 metroko distantzia gorde ezin bada.

Eremu pribatuari dagokionez, bi bizikidetza unitate elkartu ahalko dira, baina gehienez ere 6 pertsona.

Merkataritza, kirola, kultura…

Merkataritzaren sektorean, hipermerkatuetako eta azalera ertain eta handiko denden edukiera % 30etik % 40ra igo da. Merkataritza txikian, berriz, % 50ean jarraituko dute.

Kirol jardueraren kasuan, eremu itxietan 10 pertsona elkartu ahal dira zuzendutako jarduera fisikoa egiteko, lehen baino lau gehiago. Korrikalariek musukoa eraman beharko dute 1,5 metroko distantzia gorde ezin badute.

Museo, monumentu eta erakusketei dagokienez, 12tik 18ra igo dute taldeetan gehienez ere bildu daitekeen pertsonen kopurua, eta turismo aktiboko irteeretan ere hori izango da gehienezko kopurua.

Azkenik, beilatokietan 25 pertsona elkartu ahalko dira barrualdean, eta 50 kanpoaldean, lurperatzeko ekitaldietan bezalaxe.

Nafarroako Gobernuak, Gobernu Irekiaren bidez, eguneratu egin du ohiko galdera-erantzunak biltzen dituen txostena.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Nafarroa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Jatetxeak Tabernak Merkataritza Koronabirusa Iruñeko Alde Zaharra