Gizartea -

Koronabirusa

Euskadin mugikortasuna nolakoa izango den du aztergai LABIk

Lehendakariak agerraldia egingo du 18:00etan Prentsaurrekoa eitb.eus-en bidez jarraitu ahalko duzu, zuzenean.

Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) aholku batzordea. Argazkia: Irekia.eus
Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) aholku batzordea
Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) aholku batzordea. Argazkia: Irekia.eus

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakaria buru, Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) Aholku Batzordea bilduta dago une honetan, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) mugikortasuna zenbateraino arintzen duen erabakitzeko. Bileraren ostean, 18:00etan, bertan hartutako neurriak iragarriko dituzte. eitb.eus-ek zuzenean emango du agerraldia.

Oraingoz, ez dute ezer aurreratu gaurko hitzorduan hartuko dituzten erabakien inguruan, baina EAE barruko mugikortasuna izango dute eztabaidagai bilera horretan.

Atzo LABIren batzorde teknikoa bildu zen, Jonan Fernandezen gidaritzapean. Egoera epidemiologikoaren arabera, proposamena egin ohi du mahai teknikoak, eta hori izaten du oinarri Aholku Batzordeak neurriak hartzeko orduan. Herritarren mugikortasuna arinduko dutenik ia inork ez du zalantza egiten, baina ikusteko dago lurralde historikora mugatuko ote duten ala Erkidego osoan azalpenik eman beharrik gabe mugitu ahal izango garen.

Mugikortasuna malgutzearen aukera mahai gainean dagoela onartu zuten Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramaileak eta Fernandezek berak. "Baloratuko den neurria da, eta alda liteke", esan zuen atzo.

Dena dela, ohartarazpena ere egin zuen: "EAE impasse egoera batean dago, eta, ondorioz, ez dago abentura gehiegitarako aukerarik". Hori bai, aitortu zuen "azken astean egoera epidemiologikoak izandako bilakaera ona" izan zela.

Azken datuen arabera, bi asteko intzidentzia-tasa metatuak behera egiten jarraitzen du, eta 225,03an dago; asteazkeneko datuarekin alderatuz, zortzi puntu (233,30) txikitu da. Nolanahi ere, oinarrizko birsorkuntza-tasa (R0), gaixo batek zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten duena, 0,89ra igo da eta ospitaleetako egoera ez da guztiz ona, presioa apur bat arindu bada ere.

LABIk hartu dezakeen erabakiari buruz galdetuta, Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak aipatu du mugikortasuna arindu daitekeela, eta horretarako mahai teknikoaren txostena aztertuko dutela lehendabizi.

Edonola ere, "zuhurtzia mantentzearen alde" agertu da, "egoera delikatua delako oraindik". "Beste kontu bat da konfinamendu perimetrala aldatzea, eta hori Fernandezek berak ere aipatu du", erantsi u.

Sagarduik ohartarazi du martxoan eta apirilean ere mugatuta egongo dela mugikortasuna

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak asteazkenean adierazi zuen "muturreko zuhurtziaz" jarraitzeko garaia dela oraindik, covid-19arengatik, eta "martxoan eta apirilean" mugikortasunari lotutako "neurri murriztaileak indarrean" egongo direla.

Astero legez Eusko Legebiltzarrean izandako agerraldian egin zituen adierazpen horiek, Aste Santuari begira erkidegoek mugikortasunaren inguruan hartuko dituzten erabakien harira.

Aste Santurako neurriak

Aste Santuan erkidego autonomoak itxita egongo dira eta pertsonen zirkulazioa galarazita egongo da 22:00ak eta 06:00ak bitartean, Osasun Publikoaren Batzordeak erabakita. Horrez gain, gehienez lau pertsona elkartu ahalko dira eremu publikoan nahiz pribatuan.

Edonola ere, aipatutako akordioa datorren asteazkenean berretsi beharko dute Lurralde arteko Batzordean egitekoa den bileran, plan koordinatu bat adostu eta pandemiaren eraginak gora egitea saihesteko helburuarekin.

Horren ildoan, oporraldiaren harira Eusko Jaurlaritzak duen jarrera zein den gogorarazi du gaur Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak Ser kateari eskainitako elkarrizketa batean. Horren esanetan, "orain" badago "adostasun on" bat Aste Santuari buruz eta "ematen du erkidego guztiak itxita egongo direla, neurri murriztaile baina beharrezko horiek mantenduta".

Hori horrela, "Aste Santua guretzat bakarrik izango da, Euskadin barne turismoa sustatzeko garaia izango da".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñigo Urkullu Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa LABI