Gizartea -

EMAKUMEEN MUNDU MARTXA

Mugen kontrako aldarria, Emakumeen Mundu Martxaren aurtengo azken pausalekuan

Irun eta Hendaia lotzen dituen zubian amaitu da Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak V. Nazioarteko Ekintza, dozenaka herritan mugak suntsitzeko eta zubiak eraikitzeko premia aldarrikatu ondoren.

Emakumeen Mundu Martxa, gaur.
Emakumeen Mundu Martxa, gaur.
Emakumeen Mundu Martxa, gaur.

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Zubi guztien gainetik, mugarik ez! Transnazionalik ez!" lelopean, urriaren 17an abiatu zen Euskal Herrian Emakumeen Mundu Martxaren V. Nazioarteko Ekintza, eta gaur amaitu da Irun eta Hendaia arteko mugan. Herriz herri ibili dira, eta dosier bat osatu dute dozenaka kolektibo feministaren gogoetekin. Bertan jasota geratu dira aurrera begirako lan-lerroak.

Emakumeen Mundu Martxak ere egin zuen bere bidea, eta, V. Nazioarteko Ekintzak bezala, "gogoeta interesgarriak" utzi dizkie mahai gainean antolatzaileei. Ainhoa Olaso Euskal Herriko Bilgune Feministako kidearen arabera, "ezohikoa baina emankorra" izan da aurtengo ekimena. "Dudarik gabe, bide honetan osatu dugun dosierra oso tresna erabilgarria izango da aurrera begira kolektibo feminista guztientzat. Herri guztietan, talde guztiek oso eskertuta hartu duten lanketa bat da, eta hausnarketarako erreminta oso garrantzitsua izango da denontzat. Kolektibo berri askok hartu dute parte aurten, eta oso positiboa izan da dena", esan du.

"Mugak, migrazio politikak eta transnazionalen jokabidea" salatu dituzte Euskal Herri osoan antolatu dituzten dozenaka ekintzetan, eta gaurko amaiera-ekitaldian ere mezu hori jarriko dute erdigunean. Olasoren arabera, mundu mailan oso agerikoak diren hainbat "zapalkuntza eta esplotazio" Euskal Herrian bertan hasten dira. "Gerra asko Europan hasten dira, armak hemen ekoizten baitira. Beraz, gure pribilegioen gainetik, euskaldun eta europar modura, ardurak hartzea ere badagokigu", zehaztu du.

Irun eta Hendaia lotzen dituen zubian eman diote gaur amaiera ekintzari: bertan, azken mezua irakurri dute, eta "mugen suntsitzea" irudikatu dute performance baten bidez. Aurretik, bi herriotan martxak egin dira, eta herriz herri bildutako oihalak elkarrekin lotu dituzte. Covid-19aren pandemia dela eta, segurtasun neurri guztiak hartuta egin dituzte ekitaldiak.

Aurrera begirako erronkei heltzeko "indartuta" ikusten du Euskal Herriko mugimendu feminista Olasok, eta mundu mailako ekintza honek azaleratutako aldarrikapenen inguruan sakontzen jarraitzea da asmoa, kolektibo modura. "Gure helburua Mendebaldeak Hegoaldeko lurraldeen eta pertsonen kontra erabiltzen duen indarkeria agerian uztea da. Sistema arrazista kolonial globalak pertsona migratzaileen bizitzak erasotzen dituelako".

Bost urtetik behin antolazen du Emakumeen Mundu Martxak naziorte mailako ekintza. Mundu osoko kolektibo feministen gogoetak jaso eta partekatzea da helburua,  herri mailako feminismoa mundu mailakoarekin saretuz.

M8ko mobilizazioak

Hurrengo hitzordua astelehenean bertan dute, Emakumeen Nazioarteko Egunean. Emakumeen Mundu Martxak bat egin du ekitaldiekin, eta azken hilabeteotan jasotako mezuak berriro plazara ateratzeko aprobetxatuko dute.

Euskal Herriko Mugimendu Feministak mobilizazio ugari antolatu ditu astelehenerako, "arduraz jokatuta eta osasun neurriak errespetatuz". Aurten, helburu dute sisteman arrakalak sortzeko konpromisoa adieraztea. "Osasun murrizketek eta mugikortasunerako ditugun oztopoek zaildu egingo dute ohiko mobilizazioak antolatzea, baina aurkituko dugu bidea kaleek salaketarako gune izaten jarrai dezaten", esan dute.

Horrela, Donostian, Antiguotik abiatuko da martxoaren 8ko manifestazioa 18:30ean. Ordu erdi geroago ekingo diote Gasteizko protestari San Anton plazatik, eta ordu berean, Jesusen Bihotzean hasiko dute bilbotarrek mobilizazioa. Iruñean, berriz, 20:00etatik aurrera, auzoz auzo zabalduko dute aldarri feminista. Baionan, berriz, 12:00etarako deitu dute manifestazioa.

Horiez gain, Euskal Herri osoko beste hamaika herritan ere egingo dituzte protesta ekitaldiak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Azken ordukoa Bizkaia Albisteak Gipuzkoa Nafarroa Araba Iparraldea berriak Baionako bideoak Biarritz Maule albisteak Donibane Garazi argazkiak Hendaia bideoak Gizartea Eguneko albisteak Irun Eguneko albisteak Feminismoa gaur Zuberoa Nafarroa Beherea Emakumeen Eguna