Gizartea -

M8

Iruñerriko Mugimendu Feministak mobilizazio "deszentralizatuak" deitu ditu M8rako

Indarrean dauden murrizketa eta arauak beteko dituztela nabarmendu dute, eta aurreratu Espainiako Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzak orain arteko mobilizazio guztiak baimendu dituela.

Koordinakundeko ordezkariak, prentsaurrekoan. Argazkia: @IrunerrikoMF
Koordinakundeko ordezkariak, prentsaurrekoan.
Koordinakundeko ordezkariak, prentsaurrekoan. Argazkia: @IrunerrikoMF

E. G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iruñerriko Mugimendu Feministaren Koordinakundeak mobilizazio "deszentralizatuak" antolatu ditu datorren martxoaren 8rako, Emakumearen Nazioarteko Egunerako, Iruñean bertan zein Iruñerriko hainbat herritan.

Hori horrela, aurten ez da Nafarroako hiriburuan izan ohi den manifestazio handi eta jendetsua egingo, eta mobiliziazioak sakabanatzearen alde egin dute deitzaileek.

Ane Alava eta Zaris Falcon Koordinakundeko kide eta ordezkariek prentsaurrekoan azaldu dutenez, Espainiako Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzak orain arteko mobilizazio guztiak baimendu ditu.

Alavaren hitzetan, manifestazioak egiteko baldintzak "osasun egoeraren baitan logikoak direnak dira: distantziak errespetatzea, pilaketak saihestea, eta sarrera eta irteerak modu ordenatuan bideratzea".

Ildo horretan gogorarazi dutenez, mobilizazioetan parte nahi duen orok maskara jantzita joan beharko du, eta covid-19arekin bateragarriak diren sintomak dituztenei ez joateko eskatu diete. Are, elkarretaratze edo manifestazioetan "parte hartu nahi ez edo beldurra duten" emakume horiei beste modu batera aldarrikatzeko aukera eman diete, hala nola, "etxeko balkoi eta leihoak morez edota aldarri feministez apaintzea".

"Mugimendu feministak zaintza eta bizitza erdigunean jartzea aldarrikatzen du, eta martxoaren 8 honetan ere horixe egingo dugu", azpimarratu du Ane Alavak.

"Maila askotako krisi sistemikoa"

Iruñerriko Mugimendu Feministatik nabarmendu dutenez, "dagoeneko bi urte igaro dira azken greba feministan planto egin eta bizitzak erdigunean jartzearen beharra aldarrikatu genuenetik. Urtebete da boroka feministara biltzeko eta antolatzeko deia egin genuenetik. Ordudanik, pandemiaren testuinguruan, maila askotako krisi sistemikoa agerian geratu da. Lehertu dena ez da osasun krisia bakarrik. Gobernuek kapitala lehenetsi dute gure osasunaren gainetik". 

Salatu dutenez, "kaleak eta mugak militarizatu dituzte, gehiegikeri polizial eta instituzional arrazistak pairatzen ditugu, ehunka lagun kaleratzeko arriskuan daude eta milaka emakumek euren lanpostuak utzi behar izan dituzte zaintza lanak egiteko; indarkeria matxistak, gainera, ez du etenik".

Horren guztiaren aurrean, "sisteman arrakalak sortzearen beharra" helarazi nahi izan dute. "Osasun eta mugikortasun mugek asko zaildu dituzte ohiko mobilizazioak, baina bilatuko dugu modua kaleek salaketa espazio izaten jarrai dezaten", azpimarratu dute.

Iruñeko honako auzotan elkarretaratze edo manifestazioak deitu dituzte: Alde Zaharra, Arrosadian, Donibanen, Arrotxapean, Mendillorrin, Sanduzelain eta Txantrean. Horrez gain, beste hainbeste egingo dute udalerri hauetan: Antsoain, Atarrabia, Barañain, Burlata,  Mutiloa, Sarriguren eta Huarte.

"Alda dezagun dena, arrakalatu dezagun sistema. Krisi hau ez zen pandemiarekin hasi, eta mugimendu feminista ez da isilduko, ezta geldituko ere. Sistema kapitalista, heteropatriarkal, arrazista, kolonialista hau arrakalatzeko geure burua antolatu behar dugu eta elkarrekin, taldean, borrokatzen jarraitu", aldarrikatu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Tratu txarrak Nafarroa Gizartea Eguneko albisteak Burlata Albisteak Manifestazioak Atarrabia Uharte Feminismoa Emakumeen Nazioarteko Eguna Barañain Antsoain