Gizartea -

KORONABIRUSA

Bilboko ostalaritzan kontsumitzeko bonuak, eskuragarri

Bi bonu mota daude, 10 eta 20 eurokoak, eta Udalak horien erdia ordainduko du. Berrikuntza gisa, kontsumitzeko establezimendua aurrez aukeratu beharko da.

Orain arte, 2.300 lokaletatik 554 atxiki dira. Artxiboko argazkia: EFE.
Bilboko tabernari bat
Orain arte, 2.300 lokaletatik 554 atxiki dira. Artxiboko argazkia: EFE.

N. B. | EiTB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Udalak 10 eta 20 euroko 110.000 bonu atera ditu hiriko ostalaritzan kontsumitzeko. Deskontuak 2020ko kanpainari dagozkio, milioi bat euroko aurrekontua du, eta Udalak zuzenean ordainduko dio lokalari kontsumizioen tiketaren zenbatekoaren erdia. 2.300 ostalaritza-establezimenduk bat egin dezakete kanpaina honekin, eta ostiralerako 554k eman zuten izena. Bonuak astelehen honetako 16:00etatik aurrera egongo dira eskuragarri.

Juan Mari Aburto alkateak kanpainaren aurkezpenean azpimarratu duenez, "lehen aldiz" egin ditu Bilboko Udalak horrelako bonu-kanpaina bat ostalaritzarako. 

Era berean, kanpaina honek "balio berezia" duela adierazi du, izan ere, pandemiak eragindako krisiak gehien astindu duen sektoreetako bati laguntzea du helburu, kultura, merkataritza eta turismoa bultzatzeaz gain. "Ilusio berezia dugu sektore hau pairatzen ari den sufrimenduagatik eta interes berezia jarri dugun proiektu aitzindari bati buruz ari garelako", azaldu du Aburtok.

Horren harian azpimarratu duenez, bonuaren baldintzak eta ezaugarriak udal-talde guztiek "batera" landu dituzte "sektoreari laguntzeko". Aburtok inplikatzeko deia egin die herritarrei, deskontuak eskuratzeko eta ostalaritzan kontsumoa sustatzeko.

110.000 bonuak bonobilbao.eus webgunean daude eskuragarri, eta martxoaren 15etik ekainaren 30era arte edo agortu arte erosi ahalko dira. Hala ere, trukea hilabete geroago egin ahalko da, 2021eko uztailaren 31n. Laguntza honetan interesa dutenek kanpainarekin bat egin beharko dute, eta gehienez 6.000 euro jaso ahalko dituzte laguntzetan, aurrekontuaren muga gisa.

Lokala hautatu behar da

Kanpainaren berrikuntzetako bat da erabiltzaileak bonuak jasotzen dituenean zein lokal zehatzetan erabili nahi dituen aukeratu beharko duela. Erosketa egiten duenean zehaztu beharko du.

Atxikitako establezimenduetan, erabiltzaileak deskontatu beharreko bonua paperean entregatuko du, edo horren QR kodea aurkeztuko du.

Oraingo honetan, bi motatako bonuak izango dira: 10 eurokoak (5 euro Udalak eta 5 euro bezeroak) eta 20 eurokoak (10 euro Udalak eta 10 euro bezeroak).

Aburtoren arabera, baldintza horrek negozioari "ahalik eta laguntza zuzenena" ematea bilatzen du, Udalak aste horretan bertan ordainduko baitizkio bonuak lokalari (erositako deskontu tiket bakoitzaren zenbateko osoaren erdia), erosleak kontsumitu beharrik gabe, eta erosleak kontsumitzen duenean jasoko du gainerakoa.

"Lehenik eta behin, Udalak guztiaren % 50 ordainduko du, bonua erosi ondoren, eta beste % 50a bezeroak ordainduko du, kontsumitu ondoren, laguntza ekonomikoak astero establezimenduetara azkar helarazteko", alkateak azaldu duenez.

Bilboko Udalak kanpaina horretara bideratutako aurrekontua milioi bat eurokoa da, eta 3,4 milioi euroko eragin ekonomikoa izango duela aurreikusi dute, ordaindutakoaren % 50 baino handiagoa; izan ere, Aburtoren esanetan, oro har, establezimenduetan bonuak berak balio duena baino gehiago gastatzen da.

Adinez nagusi diren egoiliarrek zein bisitariek erosi ahalko dituzte bonuak, eta erosten dutenean nortasun agiria erakutsi beharko dute. Aurreko kanpainetan bezala, tiketaren zenbatekoak bonuen zenbatekoaren berdina edo handiagoa izan beharko du, kontsumizio bakoitzean osorik agortu dadin.

Era berean, ostalaritzarako bonu berri horiek bateragarriak eta metagarriak dira administrazioek abian jarritako beste edozein bonu motarekin. Guztira, 20 bonu erosi ahalko dira lau kanpainetarako (merkataritza, kultura, ostalaritza eta turismoa), eta erosketa-tiket bakoitzeko lau bonu erabili ahalko dira, gehienez ere.

Kanpainarekin bat egitea oso erraza da, bonobilbao.eus webgunean azaldutako urratsak jarraitu besterik ez baita egin behar.

Bestalde, Aburtok azpimarratu du 2021ean hiriko ostalaritza-sektoreari zuzendutako bi kanpaina aktibatuko dituztela. Ildo horretan, aurtengo ekitaldiari dagokiona uda ostean egingo dutela aurreratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Krisi ekonomikoa Bilbo Gaurko albisteak Bizkaia Turismoa Euskadi Gizartea Juan Maria Aburto Eguneko albisteak Kultura Albisteak Jatetxeak Tabernak Merkataritza Koronabirusaren Eris aldaera gaur Dirulaguntzak