Gizartea -

Elkarrizketa

Liz Quintana: "Benetako borondate politikoa behar da matxismoarekin amaitzeko"

Argitan Emakumeentzako Aholku Etxeak 25 urte bete ditu, eta urte horietan guztietan 8.700 biktimari baino gehiagori eman die laguntza. Liz Quintana elkarte horren sortzaileetako bat da.

Liz Quintana Argitan elkartearen sortzailea. Argazkia: Argitan
Liz Quintana Argitan elkartearen sortzailea.
Liz Quintana Argitan elkartearen sortzailea. Argazkia: Argitan

GAIZKA PALACIOS AGIRRE | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Barakaldoko Argitan Emakumeentzako Aholku Etxea indarkeria matxista salatzeko, horren ondorioei aurre egiten laguntzeko eta ezberdintasun eta injustizia sozialekin amaitzeko politika feministak ezinbestekoak direla ikusarazteko asmoz sortutako elkartea da.  

Behin-behineko proiektu bezala eratu zen, baina dagoeneko 25 urte egin ditu indarkeria matxistaren biktimei babesa ematen. Bistakoa da hainbeste urteren ostean aurrerapausoak izan direla eta mugimendu feministak bere aldarrikapenak erakundeen eta agintari politikoen agendan sartzea lortu duela mobilizazio jendetsuak eginez.

Alabaina, datuak kezkagarriak dira: urtean 350 bat emakumek eskatzen dute Argitanen laguntza; eta 2020ko etxeko konfinamenduaren lehen 50 egunetan indarkeria matxistarekin lotutako 30 kontsulta izan zituzten, 2019ko lehen seihilekoan beste, hain zuzen ere.  

Liz Quintana prokuradorea Argitan Emakumeentzako Aholku Etxearen sortzaileetako bat da, eta egun elkartearekin kolaboratzen jarraitzen du, aholkulari juridiko moduan. Solasaldi interesgarria izan dugu berarekin.

- Barakaldoko Argitan Emakumeentzako Aholku Etxeak 25 urte bete ditu. 1996ko martxoaren 8an sortu zen, eta harrezkero 8.700 emakumeri baino gehiagori lagundu die. Zergatik erabaki zenuten Argitan sortzea?

Bai, hala da. Argitan 1996an sortu genuen, eta aurkezpen publikoa martxoaren 8an egin genuen. Aurrez, hainbat urte eman genituen Barakaldoko Udalari herriko emakumeei zuzendutako eta ikuspegi feminista izango zuen aholkularitza zerbitzu integrala martxan jar zezala eskatuz.

Barakaldoko Udalak horrelakorik ez zela beharrezkoa eta emakumeen aldarrikapena ez zela esanez zerbitzu hori abiarazteko asmorik ez zuela konturatu ginenean, iniziatiba hartzea eta Argitan sortzea erabaki genuen.

Hasiera batean, behin-behineko proiektu bat izan zen. Udalaren argudioak oinarririk gabekoak zirela eta herrian emakumeei zuzendutako zerbitzu bat abiaraztea premiazkoa zela erakusteko, urtebetean datuak biltzea eta zenbait ekimen antolatzea izan zen gure hasierako asmoa. 

Argitan emakumeen koordinakunde batek egindako elkarlanaren ondorioz sortu zen. Proiektu honen sorreran herriko kolektibo feministek eta norbere izenean hurbildu ziren hainbat emakumek hartu zuten parte.

- Nolakoak izan ziren hasierako urte haiek? Zein baliabide dituzue egun?

Hasiera gogorra izan zen, baina ilusio handiarekin ibili ginen. Autogestioaren bidez eta proiektuan sinetsi zuten emakumeen lan boluntarioari esker egin genuen aurrera, gauzak egin ahala ikasiz. Eta gaur egun berdin segitzen dugu.

Halaber, eskertzekoa da herriko beste talde batzuengandik jaso dugun babesa. Lehendabiziko lokala, adibidez, Arteagabeitia-Zuazo auzo elkartearen egoitzan izan genuen. Beraien lokala erabiltzeko aukera eman ziguten, eta hori ez dugu ahaztuko.

Gerora, eta asko kostata bada ere, Udalak gaur egun erabiltzen dugun lokala uztea lortu genuen. Alabaina, ez da nahikoa gure lana behar bezala egiteko, eta oraindik ere Barakaldoko auzoetako elkarteen eta taldeen laguntza jasotzen jarraitzen dugu. Gure lokala oso txikia da. Komunik ere ez dauka!

Bestelakoan, Argitanen egiten dugun lana boluntarioa da, eta erakundeek (Foru Aldundia, Emakunde, Udala…) emandako dirulaguntzak eta bazkideek, herriko elkarteek, dendariek eta bizilagunek egindako ekarpenak erabiltzen ditugu gure jarduera aurrera eraman ahal izateko. Hasieratik izan genuen ahalik eta modu autogestionatuenean lan egiteko asmoa, eta gaur egun ere bide horretatik segitzen dugu.

- Zer laguntza mota eskaintzen diezue zentrora jotzen duten emakumeei?

Aholkularitza juridikoa eta laborala eta prestazioei buruzko informazioa eskaintzen ditugu. Astean hiru egunetan egoten gara egoitzan: astelehenetan eta ostiraletan goizez (11:00-13:00) eta asteazkenetan arratsaldez (17:00-19:00). 

Horrez gain, laguntza psikologikoa eskaintzen dugu, banaka edo taldeka, autoestimazio eta autolaguntza ikastaroak emanda. Hitzordua hartzea ezinbestekoa da. Hau da gurekin harremanetan jartzeko telefonoa: 94 478 21 02.

Bestalde, ikastaroak, ekimenak eta aldarrikapen protestak –kalean eta erakundeen aurrean– antolatzen ditugu, jasotzen ditugun eskariak eta salaketak kontuan hartuta.

Guretzat, Argitan emakumeek helarazten dizkiguten beharrizanei erantzuteko tresna bat da, baina, batez ere, eguneroko errealitatearekin harreman zuzena izateko aukera ematen digu. Eta, horri esker, argitara atera eta salatu behar diren datuak eta egoerak ezagutzen ditugu. Injustiziarekin eta ezberdintasunekin amaitzeko politika publikoak, neurriak eta baliabideak ezarri behar dira.

- Zein da laguntza eske datorkizuen emakumearen profila? Zein da haien beharrizanik handiena?

Batez ere, Barakaldoko emakumeak etortzen dira, inguruko udalerrietatik hurbiltzen direnak badaude ere. Normalean, 30 urtetik gorako emakumeak izaten dira, baina neska gazteak ere etortzen dira. Ehuneko handi batean, seme-alabak dituzte zaintzapean, eta egoera ekonomiko larrian bizi dira langabezian daudelako, lanaldi partzialak dituztelako, baldintza txarrak dauzkatelako edo pentsioan huskeria ordaintzen dietelako. Asko kezkatzen gaitu indarkeria matxistagatik jasotzen ditugun salaketak.

Esparru juridikoari eta enpleguari lotutako aholkularitza eskatzen dute, baita laguntza psikologikoa ere. Horrek agerian uzten du osasun publikoko sistemaren gabeziak, zentzu horretan ez baita gai emakumeen beharrizanei erantzuteko. Arazo guztiak ezin dira pastillak emanda edo bitartekaritza eskainita konpondu, eta beste erreminta eta baliabide batzuk behar izaten dira, hala nola banakako terapiak edo taldean lan egiteko eta hitz egiteko eremuak eskainita. Soluzio errealak eta zehatzak bilatzeko benetako borondatea baldin badago, emakumeek kontatzen digutenari kasu egin behar zaio. Horrela soilik detektatzen dira gabeziak eta arazoak.

- Tamalez, indarkeria matxista ez da iraganeko kontua eta belaunaldi berrietan ere errepikatzen ari da. Neska gazteek ere jotzen dute zuengana…

Hala da. Eta asko kezkatzen gaitu horrek, ezberdintasunean, estereotipoetan eta indarkerian oinarritutako eskemak errepikatzen ari baitira. Zentrora hurbiltzen diren neska gazte askok indarkeria matxista salatzen dute, eta bi irakurketa egin daitezke. Alde batetik, horrek erakusten du erakundeek ez dutela nahikoa egin indarkeria matxistarik ez duen gizarte bat lortzeko, ezta guk ere gizarte moduan. Bestetik, eta zerbait "positiboa" azpimarratzeko, gero eta gazte gehiago dira gai indarkeria matxista detektatzeko eta onartu ezin daitekeen indarkeria horri amaiera emateko baliabideak bilatzeko edo laguntza eskatzeko. Oso garrantzitsua da hori. Horregatik, duela hiru urte autodefentsa feministari buruzko ikastaroak antolatzen hasi ginen, 12 eta 14 urte bitarteko neskei zuzenduta. 

Bizitza osoa indarkeria jasaten eman ostean, zirkulu horretatik irtetea lortu duten emakume adinekoen kasuak oso tristeak dira. Pozgarria da lortu dutela ikustea, oso ausartak izan dira, baina, aldi berean, amorrua eta tristura sentitzen ditugu, lehenago lagundu izan bagenie, lehenago hartuko zutelako indarkeriari aurre egiteko erabakia.  

Manifestación de Argitan

(Argitan elkarteak martxoaren 8an Barakaldon egindako manifestazioa. Argazkia: Argitan)

- Eusko Jaurlaritzaren arabera, pandemia hasi zenetik nabarmen hasi da indarkeria matxistaren biktimen arretarako telefonora egindako deien kopurua. Zuek ere nabaritu duzue gorakadarik?

Bai, eta bere garaian hala izan zitekeela ohartarazi genuen. Datu adierazgarri bat: 2020an, etxeko konfinamendua ezarri eta lehen 50 egunetan, 30 kontsulta izan genituen indarkeria matxistagatik; 2019ko lehen seihilekoan bezainbeste, hain zuzen ere.

Goranzko joera hori mantendu egin da, baina pandemian indarkeria kasu gehiago ematea ahalbidetu duten egoerak sortu dira eta premiazkoa da horren aurrean adi egotea.

- Eta 1996tik hona, zein izan da bilakaera?

Bada, nahiko egonkorra izan dela esan daiteke. Urtean, gutxi gorabehera, 350 emakumerekin egoten gara. Horrek argi uzten du emakumeen beharrizanak ez direla aldatu eta eskubide-urraketek bere horretan dirautela. Premiazkoa da baliabideak jartzea.

Alabaina, ez da nahikoa zerbitzu juridikoa edo psikologikoa eskaintzea. Praktika eta ikuspegi feministak behar dira. Akatsa da emakumeak baliabide horien "erabiltzaile" gisa ikustea. Laguntza eskatzen duten emakumeak ahaldundutako emakumeak direla, arduraz jokatzen dutela eta erabaki propioak hartzen dituztela ulertu behar dugu, eta guri nahi duten moduan eta behar dutenean laguntzea dagokigu.  

- Mugimendu Feministak sarritan salatu du erakundeek ez dutela jartzen baliabide nahikorik indarkeria matxistari aurre egiteko eta egoera zaurgarrian dauden emakumeak babesteko. Zeintzuk dira, zehazki, Eusko Jaurlaritzari, foru aldundiei eta udalei eskatzen dizkiezuen neurriak?

Hasteko, egoera honi irtenbidea emateko benetako borondate politikoa izan dezatela eskatzen diegu agintari eta arduradun politikoei. Kezka adierazten dute, baina ondoren ez dute politika eraginkorrik ezartzen. Erakundeek, normalean, bat-bateko erabakiak hartzen dituzte, eta sarritan beren irudia zaintzeko egiten dute. Baina ematen dituzten baliabideak ez dira nahikoak, ez dira iraunkorrak eta epe laburrerako dira.

Epe ertain-luzean pentsatu beharra dago, eta baliabideak denbora tarte luze horretan mantendu behar dira, horretarako beharrezkoak diren aurrekontuak onartuta. Baina ez dute horrelakorik egiten. Eta instantzia eta prozesu ezberdinetan parte hartzen duten eragileek ez dute heziketa feministarik.  

Horren erakusgarri dira emakumeek jasaten dituzten trabak salaketa jartzen duten unetik. Gertatzen da, adibidez, poliziek eurek salaketa ez jartzeko gomendatzea edo garrantzitsuak diren datuak salaketan ez jasotzea. Horrez gain, askotan ofizioko abokatu bat izateko aukera ukatzen zaie, Fiskaltzak biktimaren interesen alde egingo duela suposatzen delako.  

Lanbidek gutxieneko diru-sarrera jasotzeko ezarritako irizpideak ere oztopo izaten dira indarkeria matxista salatu duten emakumeentzat: baldintza bat da seme-alabentzako elikagaiak bermatzeko eskaera judiziala egitea, baina beti ez da posible izaten neurri hori hartzea, ezta komenigarria ere, eta emakumea arriskuan jar lezake. Beraz, asko dago egiteko.

Bestalde, hezkuntzaren edo justiziaren alorrean ere, bide luzea dago egiteko. Eta fokua ez da beti emakumeengan jarri behar; izan ere, indarkeria jasaten duten emakumeei ezartzen zaizkie neurri murriztaile guztiak.

Egiturazko arazo bat daukagu, eta, ondorioz, ezinbestekoa da pertsona eta erakunde guztien inplikazioa. Indarkeria matxista esparru pribatuan sortu eta, beraz, esparru pribatuan konpondu behar den arazo gisa planteatzeko joera dago, eta erabaki asko irizpide horren arabera hartzen dira, baina ez litzateke horrela izan behar.

- M8aren bezperatan, mobilizaziorik ez antolatzeko deiak egin ziren esparru eta erakunde ezberdinetatik, covid-19agatik balizko kutsatzeak saiheste aldera. Pandemia hasi zenetik, baina, mota ezberdinetako manifestazioak egin dira eta ez da inoiz horrelako eskaerarik egin. Nola bizi izan duzue polemika hori?   

Argi daukagu borroka konkretu batzuk kriminalizatzeko edo desprestigiatzeko nahia dagoela eta horretarako hainbat tresna eta aitzakia erabiltzen dituztela. Eskubideen kontrako erasoak izaten ari diren garai batean bizi gara, eta ezin dugu guardia jaitsi. Eskubideak aldarrikatzen jarraitu behar dugu.  

Guri dagokigunez, gure bidean segituko dugu, lanean segituko dugu. Eta behar den guztietan aterako gara kalera eskubideak aldarrikatzera eta injustiziak salatzera. Horrela, bada, martxoaren 8an manifestazioa egin genuen Barakaldoko kaleetan barrena, eta balorazioa positiboa izan da. Oztopo guztien gainetik, gure aldarrikapenak kalera atera genituen, eta aldarrikapen horiek gauzatzeko lan egingo dugu urte guztian.

- Amaitzeko, Argitanen historiari buruzko erakusketa bat antolatu duzue Gurutzetako kultur etxean. Ekimen gehiago izango al da 25. urteurrena ospatzeko?

Bai, 25 urte dira eta ospatu beharra dago. Ez da testuingururik onena ospakizunetarako, baina ezinbestean egin behar genuen zerbait, urte horietan guztietan babestu gaituzten pertsona eta elkarteen, gugana jo duten emakume guztien –izugarria da haiengandik ikasi duguna– eta Argitan osatzen dugun guztion omenez.    

Erakusketaz gain, beste zenbait ekimen jarri nahi ditugu martxan martxoa eta uda bitartean. Laster informazio gehiago eman ahal izatea espero dugu.

BIDEOA | M8an Barakaldon egindako manifestazioa

M8: Barakaldoko manifestazioa
M8: Barakaldoko manifestazioa
M8: Barakaldoko manifestazioa

1:29

 

         

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Bizkaia Barakaldo Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Tratu txarren biktimak Matxismoa Feminismoa