Gizartea -
KORONABIRUSA
50en bueltan mantentzen da kasu berrien kopurua Nafarroan, baina tasa % 4ra igo da
Foru Gobernuaren Osasun Departamenduak zabaldutako behin behineko datuen arabera, atzo 1.289 proba diagnostiko egin zituzten, bezperan baino 568 gutxiago.
EITB MEDIA
Nafarroako Osasun Departamentuak 51 positibo berri atzeman zituen atzo, larunbata, aurreko eguneko kopuru berdina. Positibotasun tasak baina, ia puntu bat eta erdi gora egin du, % 3,9raino. Orotara, 1.289 proba diagnostiko egin zituzten, PCR eta antigeno testen artean, bezperan baino 568 gutxiago.
Nafarroak azken asteotan erakutsi duen beheranzko joera berresten dute datuok, jaitsiera oso motela bada ere.
Pertsona bat ospitaleratu zuten atzo covid-19arekin eta 70 pertsona zeuden ospitaleratuta arrazoi horrengatik Foru Erkidegoan, horietako 16 ZIUn (bezperan baino 3 gehiago). Atzo ezz zen inor hil gaitz honegatik.
Positibo berriei dagokienez, Iruñean eta bere eskualdean izan dira kasu positibo berrien % 50, Tutera aldean % 17 eta Lizarraldean % 4. Gainerako positiboak ( % 29) Nafarroako beste leku batzuetan atzeman dituzte.
Erregistratutako kasu berrien adin-tarteei dagokionez, 15 eta 29 urte bitartekoak eta 15 urtetik beherakoak dira talde nagusiak, % 35 eta % 21eko tasarekin, hurrenez hurren.
Nafarroak bilerak mugatuko ditu Aitaren Eguneko zubian, martxoaren 17tik 21era
Martxoaren 17tik 21era toki publiko itxietan bilerak lau pertsonara mugatuko dituzte Nafarroan, leku publiko irekietan seira, eta batzar pribatuak bizikidetza talde bakarrera. Etxeratzeko agindua, aldiz, 23:00etan mantenduko du Foru Erkidegoak.
Beraz, Aitaren Eguneko zubiarekin batera aplikatuko dituzte neurriak, Lurralde arteko Osasun Kontseiluan Espainiako Gobernuak eta erkidegoek adostutakoa betetzeko.
EAEn, 295 kutsatze berri
Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak beste 295 kutsatze atzeman ditu larunbat honetan, atzo baino 61 gutxiago. Hala ere, covid-19aren positibo-tasa % 4,4tik % 4,9ra igo da EAEn, proba gutxiago egin baitira.
Eguneroko txosten epidemiologikoaren arabera, 5.962 proba diagnostiko egin zituzten larunbatean, aurreko egunean baino 2.000 gutxiago.
Kutsatutakoen artean, 160 kasu Bizkaian diagnostikatu dituzte, 92 Gipuzkoan, 41 Araban eta bi autonomia erkidegotik kanpo bizi direnen artean.