Gizartea -

Eguraldia

Hotzetik dator San Jose zubia

Ostirala euripean igaroko badugu ere, gainerakoan ez da prezipitazio asko espero. Elurra 1.000 metrotik behera egin dezakeela eta, abisu horia ezarri dute EAEn.

Hotzak izango dira San Jose zubiko egunak. Argazkia: Joseba Ortiz de Luzuriaga (Gasteiz)
Gasteiz, izoztuta.
Hotzak izango dira San Jose zubiko egunak. Argazkia: Joseba Ortiz de Luzuriaga (Gasteiz)

E. G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euria eta elurra egin badezake ere, hotza izango da, zalantzarik gabe, San Jose zubi honen protagonista, Euskalmetek eta EITB MEDIAko Eguraldi zerbitzuak egindako iragarpenaren arabera.

San Jose egunean, martxoaren 19an (ostirala), negu giroa nagusiko da. Goizean fronte bat iritsiko zaigu eta euria egingo du denean, batez ere egunaren lehen partean. Zaparrada mardulak botako ditu, eta baliteke ekaitza ere lehertzea. Elur-maila 1.000 metrora kokatuko da goizean, baina egunak aurrera jaisten joango da 700-500 metrora kokatzeraino.

Hala, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du gaurtik larunbatera arte, elurra 1.000 metrotik behera egin dezake eta. Ostiralerako aurreikusitako lodierak honakoak dira: 5-15 cm, 1.000 metrora; 0-2 cm, 600 metrora, eta 0 cm, a 200 metrora. Iparraldeko haizea bizi ibiliko da, eta hotz sentsazioa handitu egingo du. Hala, tenperatura maximoak apenas gaindituko dute 10 ºC-ren langa kostaldean, eta barnealdean 7-8 ºC-ren bueltan ibiliko dira.

Dena dela, girorik hotzena larunbatean espero dugu. Termometroak 9-10 ºC-ra igoko dira, asko jota, kostaldean, eta barnealdean, 5 ºC-koak izango dira udaberriaren lehen egun horretan. Zerua estalita egongo da, eta euria egitekotan, gutxi egingo du. Aipatzekoa da elur-kota 500 metrora kokatuko dela, eta beraz, baliteke barnealdean eta mendebaldean botatzen duen hori elur maluta moduan izatea. Ipar-ekialdeko haizea ibiliko da, zenbaitetan bolada gogorrekin, eta horrek hotz sentsazioa areagotuko du. Izotza egin dezake lurraldearen barnealdean eta goietan.

Elurragatik ezarritako abisu horia larunbateko 09:00ak arte egongo da indarrean. Izan ere, egunak aurrera egin ahala, gora egingo du elur-mailak (700-800 metrora).  Aurreikusitako lodierak honakoak dira: 0-4 cm, 1.000 metrora; 0-2 cm, 600 metrora eta 0 cm 200 metrora.

Igandean giro argiagoa aurreikusi dute meteorologoek, batez ere barnealdean. Hotz egiten jarraituko du; are, tenperatura minimoak apur bat jaitsi daitezke (maximoak pitin bat igoko dira). Izotza egin lezake hainbat lekutan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da Bizkaian? Albisteak Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza berriak Alerta meteorologikoak bideoak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Eguraldia Bilbao Gizartea albisteak Elurra argazkiak Albisteak Gaur Eguneko albisteak