Gizartea -

EUTANASIA LEGEA

Kongresuak gaur onartuko du Eutanasia Legea

Maribel Tellaetxe bizkaitarraren familiak pozik hartu du albistea, bere borrokaren amaiera gisa ikusi baitu. Dena dela, legea "berandu" datorrela aitortu du.

Kongresuak bihar emango dio argia eutanasia legeari. Artxiboko argazkia: EFE
Kongresuak bihar emango dio argia eutanasia legeari.
Kongresuak bihar emango dio argia eutanasia legeari. Artxiboko argazkia: EFE

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Diputatuen Kongresuko osoko bilkurak behin betiko oniritzia emango dio gaur eutanasiari buruzko legeari, eta Osasun Sistema Nazionalaren beste prestazio bat izango da. Sufrimendu fisiko edo psikiko etengabea eta eramangaitza duen gaixotasun larri eta sendaezina duten pertsonek eskatu ahal izango dute.

Legebiltzarrean izapidetzen urtebete luze eman ostean, pandemiaren ondorioz eten egin baitzen, PSOEk eutanasia arautzeko aurkeztutako proposamena gaurko osoko bilkuran onartuko dute, eta hiru hilabete barru sartuko da indarrean.

Lege horrekin, hiltzeko laguntza eskatu ahal izango dute "gaixotasun larri eta sendaezin bat" edo "gaixotasun larri, kroniko eta atzeraezinen bat" duten eta "sufrimendu fisiko edo psikiko etengabea eta eramangaitza eragiten duen bat" duten adin nagusiko pertsonek.

Autonomia-erkidego bakoitzean sortutako berme eta ebaluazio batzorde batek ikuskatuko du kasu bakoitza, eta interesdunak eutanasia eskatu eta bost astera jaso ahal izango du, alternatiben eta eskura dauden zainketa aringarrien berri jaso ondoren eta prozesu osoan zehar gutxienez lau aldiz hiltzeko asmoa duela baieztatu eta gero.

"Erabateko ospakizuna izango da, handia"

Hiltzeko laguntza osasun-zentroetan (publikoak, pribatuak edo itunduak) zein gaixoaren etxean eman ahal izango da, eta legeak kontzientzia-eragozpena aurreikusten du prozesuan parte hartzen duten osasun-arloko profesionalentzat.

Tellaetxe familia, pozik

Maribel Tellaetxe bizkaitarraren familiak (alzheimer aurreratua zuen eta 2019ko martxoan hil zen) adierazi duenez, Kongresuan lege hori onartzeak "amaiera" ematen dio bi urte baino gehiagoz "edozein pertsonak nola bizi eta nola hil erabakitzeko" izan duten borrokari.

eutanasia legea

Gaixotasunak burua nahasiz gero, hiltzeko borondatea errespetatzeko eta bermatzeko eskatu zien Maribel Tellaetxek senarrari eta seme-alabei. 2019ko martxoaren 6an hil zen, eta, beraz, ezin izan zuten hitza bete; izan ere, garai hartan, Espainiako Estatuak ez zuen eutanasia arautzeko legerik.

"Maribel pozarren legoke. Borrokalari peto-petoa izan da bere bizitzako arlo guztietan. Hori betetzera iristea, neurri batean, eginarazi zigun promesari esker izan da. Ez dut imajinatu ere egin nahi nola egongo litzatekeen, pozez zoratzen", nabarmendu du Txema Lorente alargunak. Hori dela eta, aita-semeak Diputatuen Kongresuan izango dira gaur. "Erabateko ospakizuna izango da, handia", esan du.

Tellaetxeren familiak azaldu duenez, "herritarrengatik egiten diren lorpen guztiak berandu iristen dira beti. Hala ere, iragana atzean utzi behar da, eta, pentsatu, hemendik aurrera gizabanako orok aukeratu ahal izango duela nola bizi eta nola hil nahi duen, eta hori gizartearen lorpen handi bat da".

Europako laugarren herrialdea

Espainia eutanasia arautzeko legea onartzen duen Europako laugarren herrialdea eta munduko seigarrena izango da. Behin onartuta, Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) argitaratuko dute, eta hiru hilabete beharko dira legea martxan jartzeko; izan ere, "autonomia erkidegoek ospitaleak eta jendea prestatzeko denbora behar dute, baita beharrezko botikak izateko eta ebaluazio batzordeak prest izateko ere", azaldu du David Lorentek, Maribel Tellaetxearen semeak.

Kongresuan eta Senatuan egindako tramitazioan, Eutanasia Legeak PPk eta Voxek jarritako betoak gainditu behar izan ditu, eta bi ganberen gehiengoaren babesa izan du. Gainera, hainbat zuzenketa partzial sartu ditu. Eutanasia eskatzen denetik ezarritako epeetako batzuk ere ukitu dira, eta berme-batzorde batek baimendu beharko du, erizaintzako profesionalen presentzia kontuan hartuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Bizkaia Gipuzkoa Nafarroako albisteak Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Eutanasia Espainia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak