Gizartea -
KORONABIRUSA
Intzidentziak gora egin du Euskadin, 209 kasu, eta 410 positibo berri atzeman dituzte
Positibotasun tasa ere % 4,6ra igo da, baina birsorkuntza-tasa (1,10) eta ospitaleko presioa jaitsi egin dira.
N. B. | EITB MEDIA
Euskadin, hamalau eguneko intzidentzia-tasa metatuak gora egiten jarraitzen du; izan ere, azken orduetan 100.000 biztanleko 209,6 kasu izan dira.
Joan den asteazkenean pandemiaren bilakaera epidemiologikoa negatiboa izan zen adierazle gehienetan. Asistentzia-presioan, esaterako, arindu egin da.Atzo, 8.907 test diagnostiko egin zituzten autonomia-erkidegoan, eta 410 pertsonak eman zuten positibo. Bezperan baino zortzi kutsatze gehiago dira, proba gutxiago eginda; beraz, positibotasun tasa % 4,5etik % 4,6ra igo da.
410 kutsatuetatik, 191 Bizkaian detektatu zituzten, 133 Gipuzkoan, 82 Araban (azken egunetan daturik txarrenak izan dituen lurraldea), eta lau autonomia-erkidegotik kanpo bizi diren pertsonen artean.
14 egunetan metatutako intzidentziak gora egin du berriro Euskadin, zazpigarren egunez jarraian, astearteko 100.000 biztanleko 206 kasutik 209,6ra.
Araban 221,3 kasu izatetik 236,2 izatera igaro da, eta Gipuzkoan, 186,2tik 193,9ra; Bizkaian, berriz, 209,2tik 207ra jaitsi da asteartean.
Adierazle horrek gora egin du hiru hiriburuetan: 263,6 Gasteizen, 235,2 Bilbon eta 111,3 Donostian.
Covid-19a duen gaixo batek zenbat pertsona infektatu ditzakeen adierazten duen birsorkuntza-tasa apur bat jaitsi da zenbait egunez gorantz egin ondoren, 1,10eraino. Adierazle horretan ere, Araba da okerren dabilena, gora egiten jarraitzen duelako eta 1,20an dagoelako. Bizkaian eta Gipuzkoan, zertxobait jaitsi da, eta 1 baino pixka bat gorago dago.
Eguneko daturik onena osasun-asistentziari dagokiona da. Asteazkenean 303 gaixo zeuden ospitaleratuta, bezperan baino 20 gutxiago.
Zainketa intentsiboetako unitateetan 93 gaixo larri zeuden (101 ziren bezperan), eta 210 gela arruntentan (asteartean baino 12 gutxiago). Atzo, 41 pertsona ospitaleratu zituzten, aurreko egunean baino bi gehiago.
Bestalde, Hezkuntza Sailak jakitera eman duenez, ostegun honetan 80 gela itxi dituzte covid-19aren ondorioz, asteazkenean baino lau gehiago, 47 ikastetxetan (44 ziren bezperan).