Publizitatea
Itxi

2021/03/18

14:17

Gizartea

heriotza duina

Eutanasia legea onartu du Kongresuak

E. G. | EITB MEDIA

Araudia Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hiru hilabetera sartuko da indarrean. Eskubide hori legeztatzen duen munduko zazpigarren estatua da Espainiakoa.

  • Duintasunez Hiltzeko Eskubidearen aldeko elkartearen bilkura.

    Duintasunez Hiltzeko Eskubidearen aldeko elkartearen bilkura, gaur Kongresuan. EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Diputatuen Kongresuko osoko bilkurak eutanasia arautzen duen lege organikoa onartu du gaur, Senatuak joan den astean egindako zuzenketa batzuk jasotzen dituen  testua onetsita.

220 diputatuk bozkatu dute legearen alde, 141ek kontra (tartean PP, Vox eta UPN) eta bik abstentziora jo dute. Horrenbestez, duintasunez hiltzeko eskubidea aitortzen duen munduko zazpigarren estatua da Espainia. Eutanasia legezkoa da Herbeheretan, Belgikan, Luxenburgon, Kanadan, Zeelanda Berrian eta Kolonbian (azken horretan Auzitegi Konstituzionalaren erabakiz).

Araudia Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hiru hilabetera sartuko da indarrean. Duintasunez hiltzeko eskubidea hala eskatzen duten gaixoek izango dute, baina horretarako honako egoeran egon beharko dute: "Sufrimendu fisiko edo psikikoa duten pertsonek eskatu ahalko dute, baldin eta gaixotasun larri eta sendaezina izateagatik onartezintzat jotzen badute, eta gaixotasun horrek bizi-itxaropen mugatua edo pairamen larri, kroniko eta ezingarria eragiten badie, sendatzeko edo hobetzeko aukerarik gabe".

Era berean, eskaera egiten duenak Espainiako nazionalitatea, legezko bizilekua Espainian izatea edo Espainiako lurraldean 12 hilabete baino gehiago eman dituela egiaztatzen duen errolda-ziurtagiria izan beharko du. Horrez gain, adinez nagusia eta "jarduteko eta erabakitzeko gaitasun osoa" izan beharko du, eta eskaera "modu autonomoan, kontzientean eta informatuan" egin beharko du. 

Prozesuari dagokionez, gaixoak bi eskaera egin beharko ditu, borondatez eta idatziz (idatzi ezin badu, hala egiaztatzen duen beste modu batez), eta gutxienez 15 eguneko tartea utzi beharko du bien artean.

Hiltzeko laguntza eskatzen duenak edozein unetan egin dezake atzera edo erabaki atzeratu

Lehen eskaera jasotakoan, gehienez ere bi eguneko epean, deliberazio-prozesu bat abiatuko du mediku arduradunak gaixoarekin, eta diagnostikoari, aukera terapeutikoei eta espero daitezkeen emaitzei eta balizko zainketa aringarriei buruzko informazioa emango dio. Bigarren eskaeraren ondoren prozesua errepikatu egingo da.

Horren ondoren, pertsonari berriro galdetuko zaio atzera egin nahi duen edo eskaerarekin jarraitu nahi duen.

Mediku arduradunak mediku aholkulariari kontsulta egingo dio, eta 10 eguneko epea izango du baldintzak betetzen direla egiaztatzeko.

Eutanasia egin aurretik, mediku arduradunak hiru eguneko epea du kasua bere autonomia erkidegoko Berme eta Ebaluazio Batzordeko presidenteari jakinarazteko. Hark, gehienez ere bi eguneko epean, batzordeko bi kide izendatuko ditu, mediku profesional bat eta legelari bat, legean aurreikusitako baldintzak betetzen diren ala ez egiaztatzeko.

Bi profesional horiek zazpi egun izango dituzte txostena egiteko. Txostena presidenteari helaraziko diote, eta presidenteak mediku arduradunari jakinaraziko dio. Batzordearen aurkako ebazpenak Administrazioarekiko Auzien Epaitegian aurkeztu ahal izango dira.

"Gizarte justuago eta gizatiarrago bat"

Bozketa egin aurretik, Carolina Darias Espainiako Osasun ministroak egindako lana eskertu die talde parlamentarioei. Izan ere, horren ustez, lege hori onartzea "oso garrantzitsua" da, "gizarte justuago eta gizatiarrago baten" bidean jarri duelako Espainia.

"Pairamen larrian dauden pertsona horientzat egun garrantzitsua da gaurkoa. Pedro Sanchezen presidentetzarekin abiatutako garapen-bidean beste pauso bat eman dugu; justuagoak, zintzoagoak eta besteen sufrimenduaz gehiago arduratzen den gizarte bat gara", nabarmendu du.

Bestalde, Maria Luis Carcedo PSOEko diputatu eta legearen sustatzaileetako batek zorionak eman dizkio Kongresuari, eutanasia eskatzen "urteak" daramatzaten horien "lekukoa" hartu dutelako. Carcedoren aburuz, lege honekin eskubide hori baliatu nahi duenak "askatasunez" erabaki ahalko du.

Diputatuek txalo artean hartu dute legea onartu izana. Argazkia: EFE

EAEko eta Nafarroako taldeen iritzia

"Eskubide bat, eta ez betebehar bat, aitortzeko egindako prozesu luze eta zail bat bukatu dugu gaurkoan", adierazi du Joseba Andoni Agirretxea EAJko diputatuak. Nabarmendu duenez, espero du "inork" ez behar izatea eskubide hori, baina behar duenak "berme guztiekin" egikaritu ahalko du legeari esker. "Ez dago gauza okerragorik ezin hiltzeagatik ezin bizitzea baino", erantsi du.

Iñaki Ruiz de Pinedoren (EH Bildu) aburuz, legea behin onartuta, "botere" bihurtuko da eskubidea. "Egoera honetan dauden norbanako eta familiei esker onartu dugu", nabarmendu du.

Azkenik, Carlos Carcia UPNko diputatua legearen kontra mintzatu da, eta deitoratu du ez zaiela medikuei, alegia, eutanasia aplikatu beharko dutenei, entzun.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena