Gizartea -
Araba a punto
Adinekoen nahi gabeko bakardadeari aurre egiteko proiektua jarri du martxan Arabak
Aldundiaren arabera, lurraldean 16.000 dira bakarrik bizi diren 65 urte gorakoak. Lau urtean, adinekoentzat babes sare bat sortzea du helburu "Araba a punto" ekimenak.
E. G. | EITB MEDIA
Arabako Foru Aldundiak "Araba a punto" izeneko proiektua jarri du martxan, lurraldean bizi diren adinekoen nahi gabeko bakardadeari aurre egiteko helburua duena eta datozen lau urteotan gauzatuko dena (2021-2024).
Ekimena Artium museoan aurkeztu du gaur Emilio Sola Aldundiko Gizarte Politiken diputatuak. Agerraldian nabarmendu duenez, "adinekoen bakardadea gero eta arazo larriagoa eta handiagoa da berez, baina gaur egun covid-19aren pandemiaren egoerak agerian utzi du Arabako Foru Aldundiak lehentasun gisa, sakontasunez eta eraginkortasunez jorratu beharreko gaia dela".
Izan ere, lurraldean bakarrik bizi diren 65 urtetik gorako 16.000 pertsona daude, eta horietatik % 70 emakumeak dira. Horrez gain, aipatzekoa da landa eremuan biztanleria asko zahartzen dela.
"Araba a Punto" estrategiak "sareak ehuntzera eta pertsonen, eragileen eta erakundeen arteko topaguneak irutera bideratutako lan ereduaren" alde egingo du. Aurrena, 'Araba a Punto Sarea' delakoa sortuko dute, bakardadearen aurrean herritarrak "sentsibilizatzeko eta inplikatzeko" helburuarekin. Sare horrek ekintza plan komunitario bat diseinatuko du, bakardade egoerak prebenitzen, herritarrak sentsibilizatzen, dauden baliabideei buruzko informazioa ematen eta ikusarazten eta esku hartze profesionala eta kalitatekoa bermatzen lagunduko duten ekintzak egitea lehenetsiko duena.
Horrez gain, Laudion proiektu pilotu bat eratuko dute: 'Bakardadeak eskola'. Irailetik aurrera, adinekoen "trebetasun sozialak" handitzeko tailerrak antolatuko dituzte "prebentzio tresna gisa".
Azkenik, adinekoen parte hartzea bultzatuko dute, "arreta berezia eskainita belaunaldien arteko aukerei", eta ikerketa eta berrikuntza sustatuko da, produktu, zerbitzu eta prozesuetan, nahi gabeko bakardade egoera iraunkor batek sortzen dituen ondorio negatiboak arintzen laguntzeko.
Emilio Solak gogorarazi duenez, gaur aurkeztu duten estrategia bat dator berriki Aldundiak abian jarri duen Etxean Bai proiektu estrategikoarekin. "Zahartzaro betea eta arduratsua ahalbidetzen duen eredu bat da, adinekoentzat egokia, haietako gehienek adierazitako nahia abiapuntu hartuta: etxean bertan zahartu nahi izatea. Etxean Bai-ren bidez pertsonak etxean artatzeko eredu berri bati helduko diogu", adierazi du.
"Araba a Punto" sarean parte hartu nahi dutenek proiektuaren webgunean kontsultatu dezakete informazio guztia.