Publizitatea
Itxi

2021/03/28

13:43

Gizartea

AEK

22. Korrika, 2022ko martxoaren 31tik apirilaren 10era

E. L. | EiTB Media

Milaka herritar aldi berean Euskal Herriko 80 txoko baino gehiagotan elkartu dira igande honetan, eta euskararen lekukoa kalera atera dute, "Bultza euskaltegiak! Bultza euskara!" aldarrikatzeko.

2:39
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

AEKk 2022an Korrika berreskuratzeko asmoa du. Horregatik, lanean ari dira datorren urtean 22. Korrika egin ahal izateko, 2022ko martxoaren 31tik apirilaren 10era.

Milaka herritar aldi berean Euskal Herriko 80 txoko baino gehiagotan elkartu dira igande honetan, eta euskararen lekukoa kalera atera dute, "Bultza euskaltegiak! Bultza euskara!" aldarrikatzeko, AEK-k jakitera eman duenez.

Gaurko eguna ez dute kasualitatez aukeratu; izan ere, "Korrika atzeratu behar izan ez bagenu, gaur bertan bukatuko zatekeen, baina azken urtean bizi izan dugun egoera korapilatsuak ez digu utzi euskararen aldeko ekimenik garrantzitsuena aurten egiten", gogorarazi dute ohar batean.

Esan bezala, Korrika atzeratu egin dute, baina ez dute bertan behera utzi, eta, gainera, azpimarratu dute "oraindik ere nahitaezkoa dela duela 40 urte jaio zen ideia ero eta zoragarri hura gauzatzea". Horregatik, AEKn lanean ari dira datorren urtean 22. Korrika egin ahal izateko 2022ko martxoaren 31tik apirilaren 10era.

AEK-k azpimarratu duenez, euskaltegiek mende erditik gorako ibilbidea egin dute, eta, "poztasunez, esan behar dugu ondorio emankorrak" sortu dituztela; hala, euskarak hiztun berri asko irabazi ditu azken hamarkadetan, eta, horien artean, hainbat eta hainbat euskaltegietatik atera dira.

Pandemia garaian ere, osasun neurriak errespetaturik, ohiko ikastaroekin jarraitzen dute euskaltegiek; hori dela eta, nabarmendu dute "aurten ere euskaltegietan ari diren irakasleen eta ikasleen ahalegina". Euskal Herrian nahiz munduko hainbat tokitan, aurten 40.000tik gora herritar dabiltza euskaraz komunikatzeko bidea egiten.

Hala eta guztiz ere, "argi dago oraindik lan handia dugula egiteko: Euskal Herriko herritarren % 55 erdaldunak dira, eta, beraz, euskaltegi guztiak dira beharrezko jendarte euskalduna amets badugu", onartu dutenez.

"Euskaltegi sendoak behar ditugu, Euskal Herri osoko herritarrei euskara ikasteko aukera emateko baldintza egoki guztiekin", erantsi dute. AEKren hitzetan, "horretarako, ezinbestean, EAEko, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko administrazioetatik bultzada estrategikoa eman behar zaio arloari".

Hala ere, euskarak herria behar duela nabarmendu du AEK-k. "Helduen euskalduntze mugimendua sustatzeko eta euskaltegiei bultzada emateko, denok egin dezakegu geure ekarpena: egunero eta aukera dugun guztietan euskara erabiliz eta prestigiatuz, jendea euskaltegietara joan dadin animatuz, matrikulazio-kanpainak sustatuz, euskaraz bizitzeko nahia plazaratuz...", azaldu du.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;