Gizartea -

Koronabirusa

EAEk Pfizerren 37.000 txerto eta Modernaren beste 22.000 jasoko ditu aste honetan

Dosiak "aste honetan" emango dizkiete herritarrei, eta datorren astetik aurrera, "espero dugunaren bikoitza jasotzen has gaitezke", Sagarduiren esanetan.

Pfizerren txertoa. Argazkia: EFE.
Pfizerren txertoa
Pfizerren txertoa. Argazkia: EFE.

N. B. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak iragarri duenez, gaurtik aurrera, Euskadik Pfizer farmazeutikoaren 37.000 txerto eta Modernaren beste 22.000 txerto jasotzea espero du, eta dosi horiek "aste honetan" emango dizkiete herritarrei.

Gotzone Sagarduik prentsari egindako adierazpenetan esan duenez, eman dituen txertoen kopuruak dira Euskadik oraingoz jasoko dituen injektagarrien kopuruaren inguruko "ziurtasun" bakarra.

Hala ere, onartu duenez, "egia da Carolina Darias Lurralde Politika eta Funtzio Publikoko Espainiako ministroak iragarri duela Pfizerrek Espainiari egindako entregak areagotuko dituela". "Beraz, Euskadin, datorren astetik aurrera, espero dugunaren bikoitza jasotzen hasi ahal izango gara", gaineratu du.

Aste Santuan txertaketa kanpainak jarraitzeko aukeraren inguruan, Osakidetzan "urteko egun guztietan, 24 orduz lan egiten dela" esan du.

"Txertoak baditugu, jarriko ditugu. Aste honetan 80.000 txerto baino gehiago eman ditugu, eta atzo hasi ginen 65 urteko herritarrei txertoa jartzen", gogorarazi du sailburuak, eta "datu horiek agerian utzi dute arazoa ez dela profesionalen gaitasun kontua, ezta dedikazioa ere, herritarrentzako txerto nahikoa eta egokiak izatea baizik", esan du Sagarduik.

Pandemiak EAEn izan duen bilakaerari dagokionez, 100.000 biztanleko positibotasun tasak gora egin duela esan du, eta "zoritxarrez, aste honetan zehar" hamalau egunetan pilatutako 300 kasu baino gehiago izatea aurreikusten duela gaineratu du.

Hori dela eta, "inoiz baino gehiago" eskatu du "zuhurtziaz jokatzeko eta pandemiaren hedapena geldiarazteko guztion artean ezarritako neurriak betetzeko".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak