Gizartea -

Koronabirusa

Hasi dira gizarte zerbitzuetako langileak eta erabiltzaileak txertatzen Reale Arenan

Realeko bi erizain talde AstraZenecaren txertoa ematen hasi dira Osakidetzaren ikastaro bat jaso ostean, eta horren zaintzapean.

Jendea ilaran, Reale Arenan txertoa jasotzeko zain. Argazkia: EiTB
Jendea ilaran, Reale Arenan txertoa jasotzeko zain. Argazkia: EiTB
Reale Arena txertaketa-gune bihurtu da Gipuzkoan

0:51

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Real Sociedad klubaren arteko elkarlanari esker, dagoeneko hasi dira herrialdeko gizarte zerbitzuetako langileak eta erabiltzaileak txertatzen Reale Arena estadioan.

Kirol klubak egin zion eskaintza Aldundiari, eta, hala, txertoa jartzeko beste puntu bat jarri dute estadioaren instalazioetan.

Realeko bi erizain talde AstraZenecaren txertoa ipintzen ari dira bertan gizarte zerbitzuetako langile eta erabiltzaileei, adinekoak artatzeko erresidentzietako langileei, arreta pertsonalerako dirulaguntza jasotzen duten mendeko pertsonen zaintzaileei eta okupazio plazen erabiltzaileei.

Guztira 8.500 pertsona txertatu nahi dituzte datozen asteetan. Aldundia Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailarekin ari da txertaketa kanpaina egiten, eta DYA eta Aita Menni ez ezik, Reala eta Gurutze Gorria ere izango ditu lagun aste honetatik aurrera.

Guztiek jasotzen dute Osakidetzako profesionalen trebakuntza, eta, gainera, osasun zerbitzu publikoko langileek gainbegiratu egiten dute txertaketa prozesua.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Reala Albisteak Osakidetza Donostia Gipuzkoa Anoeta-Reale Arena Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Botikak albisteak Txertoak Koronabirusa