Gizartea -
Bizkaia
Santurtziko hilketarekin lotutako bi atxilotu espetxera bidali ditu epaileak
17 urteko hirugarren atxilotua Zumarragako adingabeen zentrora eraman dute, epailearen aginduz.
I. G. | EITB MEDIA
Iragan ostegunean, Santurtzin (Bizkaia), arma zuriarekin hildako gizonaren krimenarekin lotura dutelakoan atxilotutako bi gizon helduak espetxera bidali ditu epaileak.
19 urteko bi gizonak larunbat honetan galdekatu eta Basauriko kartzelara bidali ditu epaileak, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
17 urteko hirugarren atxilotua Zumarragako adingabeen zentrora eraman dute, epailearen aginduz.
Gertakaria joan den ostegunean izan zen, 23:00ak aldera, Santurtziko Victoria Erregina pasealekuan, arrantza-portutik gertu. Bertan gizon batek hainbat zauri jaso zituen arma zuri batekin.
Handik gutxira, Bizkaiko udalerri horretako udaltzainek gertakariarekin zerikusia zuten ustezko hiru lagunak atxilotu zituzten, hilketa delitu bat egotzita. Atxilotuak epailearen esku jarri dituzte gaur goizeko 10:45ak aldera.
Ertzaintza, eginbideen arduraduna, gertatutakoa ikertzen ari da oraindik, zer egoeratan gertatu zen jakiteko. Ostiral honetan, Ertzaintzako agenteek, urpekariak bertan zirela, ingurua arakatu zuten ebidentzien bila.