Publizitatea
Itxi

2021/04/07

14:04

Gizartea

Koronabirusa

Covid-19agatik ZIUn dauden emakumeen kopuruak % 30era egin du gora

EITB MEDIA

Osakidetzak emandako datuen arabera, koronabirusagatik zainketa intentsiboetako unitatean amaitzen duten pazienteen kopurua eta hilkortasun-tasa pixka bat jaitsi dira azken hilabeteetan.

  • Galdakaoko ospitaleko Zainketa Intentsiboetako Unitatea.

    Galdakaoko ospitaleko Zainketa Intentsiboetako Unitatea. Artxiboko argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Koronabirusaren pandemia hasi zenetik urtebete baino gehiago igaro denean, covid-19ak jota ospitaleetako zainketa intentsiboetako unitateetan (ZIU) amaitzen duten pazienteen batez besteko adinak behera egin du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Osakidetzak emandako datuen arabera, duela urtebete pazienteen batez besteko adina 63 urtekoa zen, eta egun 60koa da.

Horrez gain, pazienteen gehiengoa arrisku taldeetan dauden gizonezkoak dira, baina azken hilabeteotan gora egin du ZIUn ingresatutako emakumeen kopuruak: lehen olatuan % 20 baino gutxiago ziren, eta orain % 30etik gora daude.

"Joera horren arrazoiak zeintzuk diren ez dugu argitu eta ikerketan jarraitu behar dugu", Alberto Manzano Remirez Medikuntza Intentsiboko mediku eta Zainketa Intentsiboetako Unitateetako Kontingentzia Planaren koordinatzaileak EITBri adierazi dionez.

Halaber, hilkortasun-tasa % 14tik % 13ra jaitsi da ospitaleetan, lehen olatuko (2020ko martxotik ekainera bitartean) eta bigarren olatuko hirugarren gorakadako (2021eko abendu bukaeratik martxoaren hasierara) datuak alderatuz gero.

Zainketa Intentsiboetako Unitateetan, berriz, tasa hori % 27tik % 20,9ra murriztu da epealdi berean.

Bestalde, 80 urtetik gorako pazienteen kopuruan beherakada bat izan dela antzeman dute. Hala ere, Osakidetzak azpimarratu du oraindik arinegi dela txertaketa-kanpainaren ondorioak igartzeko.  

"Birusak adineko pertsonei egin die kalterik handiena eta pertsona horiei eman diete txertoa azken asteetan; beraz, txertaketaren eragina datozen asteetan ikusiko dugu", azaldu du Manzanok.

70 positibotatik bat ZIUra

Osasun Sailaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoa laugarren goraldian dago martxoaren bigarren asteaz geroztik. Martxoaren 1etik apirilaren 4ra bitartean, 13.733 kasu positibo baieztatu zituzten eta 1.670 pertsona ospitalera eraman zituzten; hau da, 100 positibotik 12k erietxean amaitu zuten.

Halaber, ZIUra 203 lagun eraman zituzten, eta horrek esan nahi du positibo eman zuten 70 lagunetik bat ZIUn ingresatu zutela. Joan den apirilaren 5ean, esaterako, 390 pertsona zeuden gelan, horietatik % 40 emakumezkoak ziren eta gainerakoak gizonezkoak. Pazienteen batez besteko adina 68 urtekoa zen, 44 paziente 50 urtetik beherakoak ziren eta 84 80 urtetik gorakoak.

ZIUn, 97 pertsona zeuden, bederatzi 50 urtetik beherakoak ziren eta bost 80 urtetik gorakoak.

Bigarren olatuko lehen goraldian, uztaila eta iraila artean, 400 paziente izan ziren gehienez erietxeetan eta 120 positibotatik bat ZIUra eramaten zuten. Hilkortasun-tasa %23,5koa zen unitate berezietan.

Bigarren gorakadan, urria eta abenduan bitartean, gehienez 745 paziente egon ziren ospitaleetan. Positibo eman zuten 110 lagunetik bat ZIUn ingresatzen zuten, non hilkortasun-tasa % 20,4koa zen.

Hirugarren goraldian, abendua eta 2021eko martxoa bitartean, 673 pertsona eraman zituzten ospitalera egun bakarrean eta 80 positibotatik batek ZIUn amaitzen zuen. Hilkortasun-tasa % 20,9ko zen unitate horretan.

Lehen olatuko datuak

Iaz, pandemiaren lehen olatuan, 1.778 pertsona ingresatu zituzten erietxean eta egun bakarrean 340 ospitaleratze izan ziren.

Pazienteen % 30 baino gehiago 80 urtetik gorakoak ziren eta 50 urtetik beherakoak ez ziren % 10era iristen. Ospitaleratutakoen % 30 emakumezkoak ziren. Pazienteen batez besteko adina 70 urtekoa zen.

Halaber, positibo emandakoen % 27 ospitalean ingresatzen zituzten, non batez besteko egonaldia 10,5ekoa izaten zen eta hilkortasun-tasa % 14koa.

ZIUetan, 232 paziente izateraino iritsi ziren, ospitalean ingresatutakoen % 75, hain zuzen ere. 2020ko martxoaren 25ean, adibidez, 40 paziente eraman zituzten ZIUra, non batez besteko egonaldia 18 egunekoa izaten zen eta hilkotrasun-tasa % 27koa.

ZIUak husteko denborarik gabe

Testuinguru honetan, Alberto Manzano medikuak azpimarratu du pandemiaren gorakada batetik bestera ematen den denbora ez dela nahikoa zainketa intentsiboetako unitateak jendez husteko eta, ondorioz, ospitaleetan presioa goraka egiten ari dela ohartarazi du.

"Aspaldi antzeman genuen ez zela denborarik ematen ZIUak husteko. Adibidez, azaroko gorakada 50 pazienterekin hasi genuen; urte bukaerakoa, 70 pazienterekin; eta oraingoan, 85era jaistera lortu dugu, baina berriro egin dugu gora eta gaur –asteartea- 105 paziente ditugu", azaldu du.

Hala, gogora ekarri du gelan batez besteko egonaldia 10 egunekoa den bitartean, zainketa intentsiboetako unitateetan 20 egunekoa dela, "eta paziente batzuek hilabeteak daramatzate ingresatuta".

Horrez gain, Manzanok nabarmendu du pandemiari aurre egiteko baliabide asko erabili behar dituztela eta langile asko horretara soilik daudela. Ospitaleetako hainbat gune ere covid-19arekin kutsatutako pazienteak artatzeko prestatu dituztela adierazi du, baina honek guztiak beste ondorio batzuk dituela nabarmendu du: koronabirusa ez duten gainerako herritarren osasun asistentzia bermatzeko arazoak sortzea.

"Horretaz ari gara osasun sistema tentsioan dagoela esaten dugunena", erantsi du.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena