Gizartea -

KORONABIRUSA

Maskaren derrigorrezko erabilera aztertuko dute gaur Ministerioak eta erkidegoek

'Normaltasun berriaren legea'k metro eta erdiko distantziarekin ere erabiltzera behartzen du, baita toki irekietan ere.

Pertsona bat maskara jantzita, itsasertzean. EITBren bideo batetik ateratako irudia
Pertsona bat maskara jantzita, itsasertzean
Pertsona bat maskara jantzita, itsasertzean. EITBren bideo batetik ateratako irudia

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Asteazkenero bezala, Espainiako Osasun Ministerioak eta autonomia erkidegoek Lurralde arteko Batzordearen bilera dute eta gaurko hitzorduan, maskararen derrigorrezko erabilera izango dute hizpide, besteak beste. Gaur egun indarrean dagoen "Normaltasun berriaren legea"ren arabera, maskararen erabilera derrigorrezkoa da aire zabaleko tokietan, baita 1,5 metroko segurtasun distantzia errespetatzeko aukera dagoenean ere.

Aurreko asteko Lurralde arteko Batzordearen bileran, maskara derrigorrez erabili behar dela agintzen duen legea berriro aztertzeko aukera eskaini zien Carolina Darias Osasun ministroak autonomia erkidegoei.

Gaurko bileran, araua "modulatzeko" edo zuzentzeko proposamen bat eramango du Osasun ministroak, "zentzuzkoa" delako, Fernando Simon Osasun Alerta eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroko zuzendariak astelehenean aurreratu zuenez.

Batzarraren aurretik filtratu den zirriborroan irakur daitekeenez, hondartzan maskara janztea derrigorrezkoa izango da 1,5 metroko tartea errespetatzen ez den kasuetan edo paseatzerakoan. Bainua hartzerakoan edo uretan kirola egiterakoan, ordea, ez.

Estatuko Aldizkari Ofizialak covid-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko prebentzio, euste eta koordinazio neurrien Lege Proiektua argitaratu zuen iragan asteartean, "Normaltasun berriaren legea" deiturikoa, martxoaren 18an Espainiako Diputatuen Kongresuak onartutakoa.

Pandemia amaitu arte indarrean egongo diren neurrien artean dago maskararen derrigorrezko erabilera, sei urtetik gorako pertsonentzat eta eremu publikoan, aire zabaleko tokietan eta publikoarentzat irekitako lekuetan, baita 1,5 metroko segurtasun distantzia errespetatzeko aukera egonda ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroako albisteak Eusko Jaurlaritza EAE albisteak Espainiako Gobernua Gaixotasunak bideoak Gizartea bideoak Albisteak Gaur Eguneko albisteak Nafarroako Gobernua berriak Osasunari buruzko albisteak Txertoak egutegia Koronabirusaren Eris aldaera gaur Maskarak gaur