Gizartea -

Protesta

Armagintzaren aurkako bizikleta martxa batek Bizkaia zeharkatuko du larunbatean

"Erakundeek sektore honetako euskal enpresekin gero eta inplikazio handiagoa dutela" salatu nahi dute, "osasunean, pentsioetan, berdintasun-politiketan murrizketak ugaritu diren bitartean".

Gerraren eta industria militarraren aurkako bizikleta martxaren kartela. Irudia: @EguzkiEH
Gerraren eta industria militarraren aurkako bizikleta martxaren kartela
Gerraren eta industria militarraren aurkako bizikleta martxaren kartela. Irudia: @EguzkiEH

A. O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko hainbat talde antimilitaristak, ekologistak eta internazionalistak "Gerra, Gastu eta Industria militarraren aurkako 13. Bizi Martxa" antolatu dute larunbat honetarako, apirilak 10.

Antolatzaileek azaldu dutenez, martxa Bizkaiko Foru Aldundiaren Jauregiaren aurrean abiatuko da, Bilbon, eta parte-hartzaileek "industria militarrarekin elkarlanean diharduten Bilbo Handiko enpresa garrantzitsuenen filialen aurrean" egingo dituzte elkarretaratzeak, hau da, "Barakaldoko ITP Aero (lehengo Precicast PCB) eta Getxoko Sener enpresen aurrean".

Bozeramaileek azaldu dutenez, martxa berri honekin, sektore honetako euskal enpresekin "erakundeek gero eta inplikazio handiagoa dutela" salatu nahi dute, "osasunean, pentsioetan, berdintasun-politiketan, gizarte-prestazioetan edo etxebizitza duin bat lortzeko aukeretan murrizketak ugaritu diren bitartean".

"Euskadi industria militarrean gehien fakturatzen duen hirugarren autonomia erkidegoa da, Madril eta Andaluziaren atzetik besterik ez". Ildo horretatik, "Espainiako Gobernuko Defentsa Ministerioaren datuen arabera", euskal enpresek 600.000.000 euro ekoizten dituzte urtean industria militarrerako.

Halaber, "Ekoizpen militarra zibila bihurtzea eta armen trafikoa amaitzea" eskatuko dute. Zehazki, Askapena, Eguzki, Ekologistak Martxan, Kakitzat, Kem-Moc, Komite Internazionalistak eta Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeek antolatu dute martxa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Getxo Bizkaia Barakaldo Salaketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak Bizikletak gaur