Gizartea -

KORONABIRUSA

Beste 222 kasu atzeman dituzte Nafarroan eta positibitatea % 8,5ean kokatu da

18 pertsona ospitaleratu behar izan zituzten atzo, ostirala, eta hiru pertsona hil ziren covid-19arekin. 100.000 kasuko intzidentzia metatua 394,5ekoa da Nafarroan, Estatu osoko hirugarren altuena.

Lodosan egindako baheketaren irudia. Argazkia: EFE
Lodosan egindako baheketaren irudia.
Lodosan egindako baheketaren irudia. Argazkia: EFE

E.J. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken egunotako joera kezkagarriari jarraiki, beste 222 kutsatze diagnostikatu zituen atzo Nafarroako Osasun Sailak. Kopuru altua da, baina bezperan baino 71kasu gutxiago dira, orduan 293 positibo atzeman baitzituzten, Foru Gobernuak emandako datuen arabera.

2.599 proba diagnostiko egin zituzten ostiral honetan (1.605 PCR eta 994 antigeno test), eta horietatik % 8,5ek positibo eman zuten, aurreko egunean baino gutxiago (%9,1).

Kutsatze berrien % 54 Iruñean eta bere eskualdean atzeman ziren, % 14 Tutera aldean eta % 10 Lizarraldean. Gainerako positiboak ( % 22) Nafarroako beste eskualde batzuetan banatuta zeuden.

Kasu berrien adin-tarteei dagokionez, 15-29 urteko taldea izan zen nagusi ( % 28); ondoren, 45-59 urteko taldea ( % 21), 15 urtetik beherakoen taldeak ( % 17) eta 60 eta 75 urte bitartekoen taldeak ( % 14). Azkenik, 30-44 urteko taldea ( % 12), eta 75 urtetik gorakoen taldea ( % 8).

Gainera, 18 pertsona ospitaleratu behar izan zituzten covid-19a dela eta, eta hiru pertsona hil ziren arrazoi honegatik: 69, 80 eta 86 urteko hiru gizon. Bestalde, aurreko egunetako bi heriotza ere jakinarazi ziren atzo, 80 eta 83 urteko bi emakumeenak, hain zuzen ere. 1.135 heriotza baieztatu dituzte Nafarroan, pandemia hasi zenetik.

177 pertsona zeuden Foru Erkidegoan ospitaleratuta, atzo, covid-19arekin, horietatik 34 ZIU postuetan (bezperan baino hiru gehiago).

Gaur egun ospitale publikoko zentroetan ospitaleratutako hiru pazientetatik bat 60 urtetik beherakoa da eta % 53,5ek 70 urtetik behera ditu. Zainketa intentsiboetako unitateetan ospitaleratutakoen % 62 70 urtetik beherakoak dira: % 38 60 eta 70 urte bitartekoak dira, eta % 24k 60 urte baino gutxiago ditu.

100.000 kasuko 14 egunetako intzidentzia metatua 394,5ekoa da Nafarroan, Estatu osoko hirugarren altuena. Aurretik Ceuta (465) eta Melilla (494) ditu eta ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoa eta Madril.

Osasun sailburua txertatu dute gaur

Santos Indurain Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak (61 urte) "pozik" hartu du larunbat honetan AstraZeneca txertoaren lehen dosia, bere populazio-taldearentzat eta bere adinaren zitazioaren esparruan aurreikusitakoa. Konfiantza hori publiko egin nahi izan du, "irudi batek mila hitzek baino gehiago balio duelako".

santos

Santos Indurain txertatzen. EITB Mediaren bideo batetik hartutako irudia.

Barrutitik irtetean, Indurainek goraipatu egin du osasun profesionalen lana. Gaur eta bihar 6.200 pertsona baino gehiago txertatuko dituzte Nafarroan, eta horietako batzuek, "pozik" daudela adierazi diote sailburuari, harekin topo egitean.

Jendarteak AstraZenecaren txertoarekin izan ditzakeen zalantzei buruz galdetuta, sailburuak honako hau adierazi du: "Ulertzen dut egon diren aldaketekiko mesfidantza hori, baina, era berean, uste dut gure zeregina orain jakinaraztea, ondo transmititzea, azaltzea eta zergatik egin diren aldaketa horiek esatea dela, zertan oinarrituta egin diren. Halaber, azaldu behar da zaintza farmakologikoko sistema on bat dugula".

Orain arte jasotako 172.555 dosietatik 150.556 jarri dituzte Nafarroan. 47.350 pertsonak dute jada pauta osoa, bi txertoak jarrita.

920 kasu EAEn

Kutsatzeen kurbak goranzko joerari eutsi dio azken orduetan Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE). Atzo 10.289 proba diagnostiko egin ziren eta 920 positiboak izan ziren ( % 8,9). Bezperan, 10.709 proba egin zituzten, eta 792 positibo izan ziren ( % 7,4).

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak zabaldutako eguneroko txostenaren arabera, 126 kasu berri atzeman zituzten ostiral honetan Araban, 436 Bizkaian, 343 Gipuzkoan eta 15 beste autonomia erkidego batzuetatik etorritako pertsonengan.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea azken orduko berriak Nafarroa Tutera albisteak Gaixotasunak bideoak Gizartea Prentsa digitalaren azken orduko Lodosa albisteak Gaurko azken orduko albistea Nafarroako Gobernua berriak Zientzia albisteak Osasunari buruzko albisteak Medikuak Lizarra Altsasu Erizaintza Sendagaiak Txertoak albisteak Antsoain Nafarroako Ospitale Gunea COVID olatu berria Osasunbidea gaur