Gizartea -

Koronabirusa

Kopako finala etxean eta "soilik etxekoekin" ikusteko deia egin du Urkulluk

Erkoreka sailburuak, bestalde, dispositibo polizialen "diseinua" Ertzaintzaren ardura dela esan du, eta ez Segurtasun Sailarena.

Athleticzaleak, pilatuta taldearen autobusaren alboan.
Athleticzaleak, pilatuta taldearen autobusaren alboan.
Athleticzaleak, pilatuta taldearen autobusaren alboan.

Mikel Dominguez | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkulluk lehendakariak Athleticen eta Bartzelonaren arteko larunbateko Kopako finalaren atariko eta ondorengo balizko ospakizunak "etxetik eta soilik etxekoekin" egiteko eskatu du Eusko Legebiltzarrean egin duten kontrolerako saioan, Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileari erantzunez.

Aurreko finalaren eta Itzulia bezalako beste kirol ekitaldien "eskarmentua" aipatu du lehendakariak. Athleticen eta Realaren arteko Kopako finalaren egunean zale zuri-gorriak pilatu ziren Bilboko Poza kalean, eta istiluak izan ziren.

Larunbateko Bartzelonaren kontrakoa etxetik jarraitzeko deia egin du lehendakariak. "Lehentasuna indarrean dauden neurriak betetzea da, hori baita pandemia gainditzeko bermerik handiena", azpimarratu du Urkulluk.

Josu Erkorekak ere larunbateko futbol neurketa izan du hizpide, PP+Cs taldeko Luis Gordillok egindako galdera bati erantzunez.

Gordilloren hitzetan, aurreko finalaren egunean Poza kalean gertatutakoa "aurretik jakin zitekeen", aurreko egunetan "abisuak" izan zirelako, eta istiluak hasi zirenean Ertzaintza "erretiratu" egin zen, "arazo larriagoak ekiditeko". "Aurretik galdutako bataila batera bidali zituzten, ez zutelako inoiz kalearen kontrola izan", salatu du.

Gainera, PP+Cs taldeko legebiltzarkideak nabarmendu du Ertzaintzak Espainiako Polizia Nazionalaren eta Guardia Zibilaren "laguntza" izan dezakeela, eskatuz gero.

Sailburuaren esanetan, Segurtasun Sailari Ertzaintzaren burutza dagokio, "baina ezin du Ertzaintza bera ordezkatu, eta ez du nahi, dispositibo polizialen diseinuan eta erabileran", hori "aginte profesionalei" dagokielako.

Larunbat honetako dispositiboaz, Erkorekak esan du egoera "oso desberdina" dela, eta erantzuna ere "oso desberdina" izango dela, batetik, ez dutelako bi euskal taldek parte hartuko, bakarrak baizik, eta, bestetik, udalerri asko, Bilbo tartean, perimetralki itxita daudelako.

Erkorekak gaineratu duenez, "arduragabekeria" litzateke dispositiboa bera azaltzea, eginez gero kolokan jarriko liratekeelako dispositiboaren eraginkortasuna eta ertzainen segurtasuna.

Sagardui: "Benetako aurkaria birusa da eta hori gainditzeko elkarlanean aritu behar dugu"

Bestalde, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak adierazi duenez, urtebete baino gehiagoko pandemiaren ostean, "aurkari bakarra dago: birusa" eta "garaitzeko auzolanean aritu behar dugu".

Aurreko Kopako finaleko gertakari batzuk ikusita, "akatsak ez errepikatzeko" eta ezarritako prebentzio-neurriak betetzeko eskatu du, elkarretaratzeak eta pilaketak saihestuz, "gizarte osoaren onerako" baita.

"Denok dakigu zein diren birusa gelditzeko ezinbesteko neurriak: distantziak mantentzea, maskara erabiltzea eta gurekin bizi ez diren pertsonekin espazio itxiak saihestea", adierazi du sailburuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Athletic Politika albisteak Bilbo berriak Ertzaintza Errege Kopako finala bideoak Iñigo Urkullu Lehendakaria Eusko Jaurlaritza albisteak Gizartea Eguneko albisteak Eguneko albisteak