Gizartea -
KORONABIRUSA
Covidagatik selektibitatea ekainean egiterik ez dutenek uztailean izango dute aukera
Bestalde, Bildarratzek dio ekainera atzeratu zen Hezkuntzako lan-eskaintza publikoa bere horretan mantentzeko asmoa dagoela, baina onartu du gaur-gaurkoz ziurtzat eman ditzakeen gauza gutxi daudela.
ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA
Datorren ekainaren 8an, 9an eta 10ean egingo dituzte EAEko ikasleek selektibitateko probak. Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak iragarri duenez, egun horietan covid-19arekin gaixotuta daudenek edo etxean konfinatuta egon behar dutenek uztailean izango dute azterketak egiteko aukera.
Astelehen honetan Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, sailburuak adierazi du ulertzen duela unibertsitaterako sarbide probaren ("selektibitatea" izenarekin ezagutzen dena) inguruan sortu den "kezka orokorra"; hau da, covid-19arekin kutsatuta dauden ikasleekin edo konfinatuta daudenekin zer gertatuko den.
Bildarratzek aurreratu duenez, lehenengo deialdian proba gainditzen ez dutenek uztailaren 6an, 7an eta 8an izango dute bigarren aukera, eta "litekeena da" covid-19agatik lehenengora joaterik izan ez dutenek ere egun horietan egin ahal izatea azterketak. Hezkuntza eta unibertsitatea hori ahalbidetzeko lanean ari dira.
Sailburuak lasaitasunerako deia egin du, izan ere, covid-19arekin kutsatuta edo konfinatuta dauden ikasleek gainerakoen aukera berdinak izango dituzte selektibitatea egiteko. Gainera, selektibitatean iaz bezala galdera gehiago eta aukera gehiago egotea aztertzen ari direla baieztatu du sailburuak, baina ez du gehiago aurreratu.
Bestalde, sailburuaren esanetan, ekainera atzeratu zen Hezkuntzako lan-eskaintza publikoa bere horretan mantentzeko asmoa dago, baina onartu du gaur-gaurkoz ziurtzat eman ditzakeen gauza gutxi daudela. Dena dela, "hemendik eta ekainera bitarte, egoerak hobera" egingo duela uste du.
Bildarratzek dio lortu dela aurtengo ikasturterako zuten helburu nagusia, hau da, eskolak aurrez aurre ematea. Ildo horretan, EAE "unibertsitateetan erabateko presentzialtasuna" izan duen erkidego bakarrenetarikoa dela esan du eta "ohorezko matrikula" jarri dio hezkuntza komunitate osoaren lanari.
Joan den ostiraleko datuei erreparatuz gero, euskal hezkuntza sistemako 17.554 geletatik (unibertsitatea kontuan hartu gabe) 17.535 zeuden irekita; hau da, 19 baino ez zeuden itxita. Hala ere, aste honetatik aurrera kopuru horrek gora egingo duela uste du sailburuak, Aste Santuaren eraginez kutsatzeek gora egingo baitute.
Azkenik, EHUko errektoreek irakasleei lehenbailehen txertoa jartzeko egindako eskaeraren aurrean, sailburuak gogorarazi du Osasun Sailak hartzen dituela erabakiak, Osasun Sistema Nazionaleko Lurraldearteko Kontseiluaren erabakiei jarraituz, eta erabakia da irakasle horiek adin-taldearen barruan txertatzea, tokatzen zaienean.