Gizartea -

arkeologia

Euskal arkeologoak, mamut-ehiztarien arrastoaren atzetik

EHUko arkeologoek 5.000 hondakin inguru aurkitu dituzte fauna eta industria litiko artean, garai hartako gizakien iraupen-modua berregiten lagunduko dietenak.

Arkeologoak, Isturitzen lanean. Argazkia: EHU
Arkeologoak, Isturitzen lanean. Argazkia: EHU
Arkeologoak, Isturitzen lanean. Argazkia: EHU

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EHUko arkeologo talde batek indusketa-kanpaina bukatu berri du Izturitzeko aztarnategian, Nafarroa Beherean. 5.000 aztarna arkeologiko inguru atera dituzte fauna eta industria litiko artean, garai hartako gizakien iraupen-modua berregiten lagunduko dietenak.

1998an mamut baten omoplatoa aurkitu bazuten ere, orain beste zati batzuk agertu dira, duela bi hamarkada baino gehiago abiatutako indusketarekin jarraituz.

Ikerketaren arabera, gizaki-talde batek mamut bat ehizatu zuen duela 29.000 urte, eta horren hanka handietako bat, behintzat, kobazuloaren barrenera garraiatu zuen, gaurko Izturitzeko aztarnategira. Orain arte, ez zegoen praktika honen inguruko informaziorik Europako hegoaldean.

Taldeak induskatutako multzoa Gravette (Goi Paleolitoa) eta Aurignac aldiei dagokie. Pirinioetan ez dira oso ezagunak, eta giza erregistro gutxi dago. Hori dela eta, Aritza Villaluenga EHUko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko ikertzailearen hitzetan, datu gabezia eta kobazulo horretan mamuten hezurrak egotea "misterio handia dira arkeologo batentzat".

Ikertzaileari ulertezina egiten zaio gizaki horiek 4.000 edo 5.000 kilo inguruko animalia bati aurre egiten ausartzea, batik bat kontuan hartuta taldean bizi eta ehizatzen zailak zirela.

Azaldu duenez, "aparteko lekua" da induskatu dutena; izan ere, atalik esanguratsuena omoplatoa bada ere, mamut-hezur ugari topatu dituzte, animalia berdinarenak edo gazteago batenak izan litezkeenak.

Urrunetik datorren proiektua

Villaluengak duela bi urte aurkeztu zuen lanekin jarraitzeko proiektua, baina pandemiak planak bertan behera uztera behartu zuen. Orain, posible izan da induskatzea, hori bai, taldearen erdiarekin eta hiru astetan. Hori dela eta, ezinbesteko lana besterik ez dute egin: materiala atera, ordenagailuan aurretiazko inbentarioa egin eta sedimentua zein pieza esanguratsuenak garbitu dituzte.

Gainerakoa unibertsitateko laborategi batean egingo dute, uda ostean. "Ezinezkoa da orain egitea, baina garrantzitsuena da induskatu eta lehen ondorioak atera ahal izatea".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iparraldea argazkiak EHU Gizartea bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Zientzia albisteak Zientziaren hedapena Historia albisteak gaur