Gizartea -

KORONABIRUSA

Beste 165 covid kasu atzeman dituzte Nafarroan eta positibitatea % 5,3ra jaitsi da

200eko langatik behera geratu dira positiboak, zortzigarren egunez jarraian. Leitzan eta Altsasun agertu ziren atzo kasu gehien. 202 pertsona daude covid-agatik ospitaleratuta, horietatik 37 ZIUn.

Osasun langile bat PCRa egiten. Argazkia: EFE.
Osasun langile bat PCRa egiten.
Osasun langile bat PCRa egiten. Argazkia: EFE.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zortzigarren egunez jarraian, 200eko langatik behera geratu dira positibo berriak Nafarroan, 165 kasu zenbatu baitituzte, Foru Gobernuak emandako datuen arabera. Aurreko egunean baino 25 kasu gutxiago diagnostikatu dituzte. Duela 7 egun, apirilaren 10ean, 150 kasu berri atzeman ziren, eta duela 14, apirilaren 17an, 222. Beraz, duela astebete baino kasu gehiago badira ere, jaitsiera nabarmena izan da duela bi asteko datuekin alderatuta.

Leitzan eta Altsasun atzeman zituzten atzo kasu berri gehien: 17 Leitzan eta 10 Altsasun; Funesen 8, Iruñeko Arrotxapea auzoan beste 8 eta Barañainen 7.

Atzo, 3.106 proba egin ziren (1.627 PCR eta 1.479 antigenoen test), eta, positibotasuna % 5,3koa izan zen. Astean zehar, Foru Erkidegoan 155 kasu atzeman dira astelehenean ( % 5,9), 196 asteartean ( % 7,1), 184 asteazkenean ( % 7,7), 190 ostegunean ( % 7) eta 165 ostiralean.

Ostiralean 202 covid gaixo zeuden Foru Erkidegoko osasun sarean ospitaleratuta, aurreko egunean baino bederatzi gutxiago. Horietatik 37 zaintza intentsioetako unitateetan zeuden. Atzo, gainera, beste 16 pertsona ospitaleratu zituzten, horietako bat ZIUn, eta 78 urteko gizonezko bat hil zen. Nafarroan, guztira, 1.152 heriotza baieztatu dira covid-agatik.

Funes, perimetralki itxita

Nafarroako Gobernuak Funes ixteko erabakia hartu du, azken egunetan koronabirusaren pandemiak eragindako kutsatzeak nabarmen hazi direlako udalerrian. Halaber, 45 eta 64 urte arteko herritarrei zuzendutako baheketa egin zuten atzo.

Foru Gobernuak ohar baten bidez azaldu duenez, neurri murriztaile berriak Funesko Udalarekin elkarlanean adostu dituzte eta gauerdian sartu dira indarrean. Hasiera batean, bi astez aplikatuko dituzte, maiatzaren 7a barne, eta osasun egoeraren arabera erabakiko dute ondoren neurriak mantendu edo ez.

Txertaketa, asteburu honetan

Txertaketa-prozesuari dagokionez, 4.501 dosi jarri zituzten atzo, eta dagoeneko jaso dituzten 221.105 txertoetatik 211.572 jarri dituzte. Atzo emandako dosiekin, 61.695 pertsonak dute pauta osoa (bi dosiak).

Iruñean eta eskualdean bi tokitan izango da txertaketa larunbat eta igande honetan: UPNAko kiroldegian eta Maristasko ikastetxe zaharrean (Galizia hiribidea eta Zangoza kalearen artean, Iruñean). Asteburu honetan, 4.300 laguni jarriko zaie txertoa bi puntu horietan, 08:30etik 21:10era arituko dira txertatzen.

Tuterako Osasun barrutian 1.800 pertsona baino gehiagori jarriko diete txertoa, 954 laguni gaur eta 884ri bihar. Reina Sofia Ospitalean, Buñuel eta Valtierrako Oinarrizko Eremuetan, Milagroko osasun-zentroan eta Corella eta Cintruenigoko Oinarrizko Eremuetan arituko dira gaur; eta bihar, igandea, Tuterako Jesuiten Ikastetxeko kiroldegian 884 laguni jarriko diete txertoa.

Lizarrako Osasun Barrutiari dagokionez, larunbat honetan 250 laguni jarriko diete txertoa Garcia Orcoyen Ospitalean; eta igande honetan, Lodosako Oinarrizko Eremuan, beste 200 pertsonari, Lodosako Kultur Etxean. Halaber, 274 pertsonari txertoa jartzea aurreikusi dute Garcia Orcoyen Ospitalean.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea gaur Tutera Gaixotasunak bideoak Gizartea bideoak Albisteak Gaur Burlata albisteak Eguneko albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Berriozar azken ordukoa Erizainak azken ordukoa Sendagaiak Txertoak egutegia Nafarroako Ospitale Gunea albisteak COVIDaren agerraldiak gaur Anbulatorioak Nafarroako Osasun Zerbitzua