Gizartea -
KORONABIRUSA
Gorenak ebatzi du babes-ekipoak ez zirela ertzain guztiengana iritsi
Auzitegi Gorenak atzera bota du Eusko Jaurlaritzaren helegitea, eta arrazoia eman die sindikatuei. Epaiaren arabera, "saiatu ziren, baina ez zuten lortu" langile guztiak babes-baliabidez hornitzea.
o.p. | eitb media
Auzitegi Gorenak atzera bota du Eusko Jaurlaritzak jarritako helegitea, covid-19aren aurrean Ertzaintzak babes nahikorik jaso ez izanaren auzian. Gorenak sindikatuen alde ebatzi du eta baieztatu du ertzain denek ez zutela jaso covid-19ari aurre egiteko babesik, Ertzaintzako ESAN sindikatuak aurreratu duenez.
Sententziak dioenez, "kontua ez da edozein prebentzio-neurri eska zitekeenik, baizik eta, saiatu baziren ere, ez zela lortu zentro eta unitate guztiei eskatutako babes-baliabideak ematea".
Auzitegi Gorenak berretsi egin du, era honetan, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren sententzia; ESAN sindikatuari arrazoi ematen zion epai hark, ertzain guztiei covid-19aren aurkako babes ekipoak emateko eskaeran.
Eusko Jaurlaritzak EAEko Auzitegi Nagusira jo zuen orduan, baina honek ebatzi zuen Segurtasun Sailak derrigor eman behar zizkiela babes-baliabide jakin batzuk ertzain guzti-guztiei.
Jaurlaritzak orduan Auzitegi Gorenean jarri zuen helegitea eta orain atzera bota du hark, Auzitegi Nagusiaren epaia berretsiz, ESAN sindikatuak adierazi duenez.