Gizartea -
KORONABIRUSA
Osasun Sailak 48 langile gehiago izango ditu pandemiaren kudeaketan laguntzeko
Protokoloak diseinatzen, datu-baseen mantentze-lanak zaintzen eta kontrolatzen eta txertaketa-plana garatzen eta haren jarraipena egiten lagunduko dute.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Maiatzetik aurrera 48 langile berri izango ditu Osasun Sailak, covid-19aren pandemiaren kudeaketari lotutako eginkizunei eta betebeharrei erantzuteko.
Gobernu Kontseiluak astearte honetako bileran onartu du Osasun Saila aldi baterako indartu eta 48 langile berri kontratatzea. Profesional horiek hainbat zeregin izango dituzte, hala nola epidemiologia alorrean, osasun publikoan, estatistikan edo aholkularitza juridikoan.
Pandemiak areagotu egin du Osasun Publikoaren Zuzendaritzako ohiko lan-bolumena, eta, horregatik, Jaurlaritzak langile gehiago hartzea erabaki zuen iaz, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak gogorarazi duenez.
Orain, beste 48 langile gehituko dira, eta protokoloak diseinatzen, datu-baseen mantentze-lanak zaintzen eta kontrolatzen eta txertaketa-plana garatzen eta haren jarraipena egiten lagunduko dute. Hiru lurraldeetan banatuko dira: 14 Araban, 13 Gipuzkoan eta 21 Bizkaian.
Langileen kopurua indartzeko programa horrek urtebeteko iraupena du, beste urtebetez luza daiteke, pandemiaren bilakaeraren eta Osasun Sailaren beharren arabera, eta 2,5 milioi euroko aurrekontua du.