Gizartea -

Burkina Fasoko hilketa

Espainiako Gobernuak aurreikusi du ostiralean iritsiko direla kazetarien gorpuak

David Beriainen eta Roberto Fraileren hilotzak bart heldu dira Burkina Fasoko hiriburura, eta bertatik Defentsa Ministerioaren hegazkin batean ekarriko dituzte etxera.

Roberto Fraile eta David Beriain. Argazkia: EFE
Roberto Fraile eta David Beriain.
Beriain eta Fraile kazetarien gorpuak ostiralean ekarriko dituzte Burkina Fasotik

1:32

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

David Beriain eta Roberto Fraile euskal kazetarien heriotzak baieztatuta, hilketa nork egin duen argitzea eta Burkina Fasotik (Afrika) gorpuak aberriratzea dira orain lehentasunak. Bata zein bestea ez dira lan errazak izango. Espainiako Atzerri Ministerioak gaur jakinarazi duenez, bi kazetarien gorpuak Defentsa Ministerioaren hegazkin batean ekarriko dituzte "bertako agintarien baimena jaso eta berehala". Ordu batzuk geroago, Juan Duarte Atzerri Ministerioko ordezkariak jakinarazi du litekeena dela ostiralean iristea gorpuak, ostegunean Aireko Armadako hegazkin batean sartu eta ostiralean Torrejon de Ardozera (Madril) iristea espero baitute.

Hegaldi berean, Defentsa Ministerioak erasoan hildako irlandar herritarraren gorpua (Rory Young ingurumen ekintzailea) Espainiaratzeko asmoa dute.

Arancha Gonzalez Laya buru duen Ministerioak argitu duenez, Beriain eta Fraileren gorpuak atzo gauean heldu ziren Uagadugu hiriburura, eta, hala, Ministerioak espero du aberriratzeko prozesua "laster bukatzea". Espainiako Estatuak Malin eta Burkina Fason duen kontsula ere hiriburura joan da izapideak gaur bertan egiteko.

Bi kazetarien familiei "unean uneko informazioa" ematen ari zaie, Atzerri Ministerioaren arabera.

Roberto Fraile barakaldarra Valdespino Ceronen (Leon) lurperatuko dute, amaren jaioterrian, baina bere beilatokia Valladoliden egongo da, gurasoak bertan bizi baitira.

Hain justu, Alfonso Bauluz familien bozeramaile eta Mugarik Gabeko Kazetarien Espainiako idazkariak Radio Euskadiri egindako elkarrizketa batean argitu duenez, "Burkina Fasoko agintariek ez dute aurreratu noiz gertatuko den hori, eurei dagokie, eurek baitute horretarako ahalmena". Gerora Euskadi Irratiari baieztatu dio hilotzak hiriburuan daudela jada.

Nolanahi ere, eta Bauluzen hitzetan, "gerta liteke azkartzea (aberriratze prozesua) edo arrazoirik gabe atzeratzea, ez baitituzte guk ditugun baliabide berak. Halakoetan tresna bakarra daukagu: pazientzia". 

Biak ala biak eskarmentu handiko kazetariak ziren, eta herrialdeko parke naturalak isileko ehizatik babesteko egiten ari diren ahaleginen inguruko dokumentala egiten ari ziren.

Beriain eta Fraile kazetariekin batera ingurumenaren aldeko ekintzaile irlandar bat ere hil zuten erasoan, Rory Young, Irlandako Atzerri Ministerioak gaur baieztatu duenez. Young Chengeta Wildlife gobernuz kanpoko erakundearen sortzaileetako bat zen.

Hiru lagunak 40 bat pertsonako konboi batean zihoazen, bi kamioik eta 20 bat motorrek osatutakoa. Astelehenean, 15:30 aldera, hirurek taldearekin kontaktua galdu zuten Burkina Faso eta Benin arteko mugan dagoen parke natural batean. "Lehendabiziko datuen arabera, bidean terrorista talde batekin egin zuten topo, eta tiroka hasi zitzaizkien", zehaztu dute Gobernuko bozeramaileek. Hala, Burkina Fasok "eraso terroristatzat" jo du hilketa.

Burkina Fasoko Gobernuak doluminak eman dizkie hildako bi euskal kazetari eta ekintzaile irlandarraren gertukoei, baita beste eraso batzuetan hildako 10 bat lagunen senideei ere. "Gure herrialdea ekintza terroristen jomuga izan da berriro azken 72 orduetan. Parke naturaleko erasoan, hiru atzerritar hil eta sei pertsona zauritu dituzte. Gainera, burkindar bat desagertuta dago", adierazi du Ousseni Tamboura Gobernuko Komunikazio ministro eta bozeramaileak.

Samina nagusi

Hilketaren berri izan denetik, bata bestearen atzetik etorri dira dolumin mezuak. Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua edota Espainiako eta Irlandako exekutiboenak ez ezik, kazetaritzaren mundutik ere etorri dira atsekabe mezuak.

Nafarroako Gobernuak gaurko bilkuran erabaki du Carlos III.a Noblearen Gurutzea ematea David Beriain Amatriaini. Sari horrekin, Foru Gobernuak Nafarroaren garapenean, proiekzioan eta prestigioan nabarmen laguntzen duten pertsonak nabarmentzen ditu.

Artaxoak (Nafarroa), David Beriainen jaioterriak, hiru dolu egun deitu ditu. Horrez gain, arratsaldean elkarretaratze isila egin dute Foruen Plazan, "kazetaria bera eta horren lana gogoan izateko".

Artaxoako bizilagunek elkarretaratze isila egin dute bi kazetarien hilketa gaitzesteko
Artaxoako bizilagunek elkarretaratze isila egin dute bi kazetarien hilketa gaitzesteko
Artaxoako bizilagunek elkarretaratze isila egin dute bi kazetarien hilketa gaitzesteko

1:10
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrikako berriak Gaurko albiste garrantzitsuak Bizkaia Albisteak Nafarroa Barakaldo Eusko Jaurlaritza Gizartea albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Irlanda albisteak Kazetaritza gaur