Gizartea -

Pandemia garaiko datuak

EAEren pandemia garaiko hilkortasuna, Estatuko txikienetakoa

Espainiako Estatuan, heriotzak % 20,9 hazi dira batez beste pandemia garaian. EAEn eta Nafarroan, % 11,9koa eta % 15,6koa da portzentajea.

Ehorztetxe bateko langileak covid-19ak hildako pertsona baten gorpua mugitzen. EFE
Ehorztetxe bateko langileak covid-19ak hildako pertsona baten gorpua mugitzen.
Ehorztetxe bateko langileak covid-19ak hildako pertsona baten gorpua mugitzen. EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Heriotzak % 11,9 hazi dira Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) pandemiaren lehen urte honetan, Espainiako Estatistika Institutuak (INE) emandako datuak oinarri Eusko Jaurlaritzak egindako konparaziozko txosten baten arabera.

Dokumentuak "covid garaian" izandako heriotzak jaso ditu, alegia, 2020ko martxoaren 9tik 2021eko apirilaren 11ra (57 aste, guztira). Hala, 12 hilabete pasatxo horietan, 550.815 pertsona hil dira Espainiako Estatuan; EAEn, 26.249. Aurreko urteko epe berean baino 95.115 gehiago izan dira Estatuan (% 20,9 gehiago) eta 2.800 gehiago Euskadin (% 11,9).

Txostenean beste erkidego batzuetako datuak jaso ditu Jaurlaritzak. Igoera "oso handia" (% 25etik gorakoa) izan duten erkidegoei dagokienez, Madril (% 41,2) eta Katalunia (% 29,4) aipatu behar dira. Nafarroa "erdian" kokatu da, % 15,6ko hazkundearekin. EAE, Kantabriarekin (% 3,7) eta Kanariekin batera (% 2,8), % 15etik beherako igoerak izan dituzten erkidegoen artean dago.

Txostenaren arabera, "pentsa liteke covid-19a Euskaditik sartu zenez, zehazki Arabatik, covid garaian heriotzen igoera handiena izango lukeen erkidegoen artean egongo litzatekeela, baina igoera apala izanda, esan daiteke hartutako neurriak egokiak izan direla, murrizketen betetze maila zabala izan dela herritarren aldetik, eta osasun zerbitzuaren eta oinarrizko zerbitzuen erantzuna eraginkorragoa izan dela". 

Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan, Iñigo Urkullu lehendakariak azaldu du EAEn hilkortasunaren hazkundea Estatuaren erdia izan dela, eta, horregatik, deitoratu du bere aburuz Euskadi pairatzen ari den "estigmatizazio".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Espainia Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak