Gizartea -

Koronabirusa

Txertatuta zegoen 84 urteko egoiliar bat hil da covid-19ak jota Gasteizen

San Prudentzio adinekoen egoitzako erabiltzaileak Pfizerren bi dosiak hartuta zituen. Ebakuntza bat egin aurreko probetan atzeman zioten birusa, eta okerrera eginda, joan den astean zendu zen.

Gasteizko Txagorritxu ospitalean zendu zen emakumea, joan den astean. Artxiboko argazkia: EFE
Gasteizko Txagorritxu Ospitalea
Gasteizko Txagorritxu ospitalean zendu zen emakumea, joan den astean. Artxiboko argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pfizer txertoaren bi dosiak hartuta zituen Gasteizko adinekoen zentro bateko egoiliar bat, 84 urteko emakumea, hil da covid-19ak jota, Udalak baieztatu duenez.

Gasteizko Udalaren ardurapean dagoen San Prudentzio egoitzako erabiltzailea zen emakumea. Ebakuntza bat egin behar zioten, eta kirurgia egin aurreko probak egin zizkiotenean, birusa atzeman zioten. Okerrera egin zuen, eta joan den astean hil zen, Txagorritxu Ospitalean.

Ez da azken asteetan adinekoen egoitzetan hil den egoiliar bakarra. Izan dira koronabirusarekin lotutako heriotzak Bizkaiko eta Gipuzkoako zentroetan ere, baina bestelako testuinguruan gertatu dira: txertoa hartuta ez zuten adinekoak ziren edo aurretik zituzten patologiengatik hildakoak.

Gasteizko egoitzan hil den emakumearen kasuan, baina, agerraldia izan zen egoitzan. Hainbat langile kutsatu ziren, eta litekeena da erabiltzailea bera ere kutsatu izana.

Heriotza horretaz galdetuta, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak gogorarazi du txertoek birusaren kontrako "defentsa maila altua" dutela, baina "kutsatzeak gerta" daitezkeela. "Gauza bera gertatzen da sintomak garatzearen aukerarekin, ez da bakarrik txertoagatik, gaixoak daukan egoera orokorraren araberakoa ere bada", azaldu du.

Sagarduiren hitzetan, "halakoak gerta daitezke, baina espero dezagun gutxi izatea". Hori horrela, babes neurriei eustea eta zuhurrak izatea gomendatu du, "kutsatzeak gerta" daitezkeelako. Nolanahi ere, immunizazioaren balioa nabarmendu du, eta adinekoen zentroen datuak jarri ditu adibidetzat. 

Neurriak, Gipuzkoako egoitza batzuetan

Egoitzetan kutsatzeak saihesteko neurriak hartzen hasi dira Gipuzkoako egoitza batzuetan. Txertoa hartu ez duten langileentzat norbera babesteko ekipamendua eskatzen hasi dira. Osasun arrazoiengatik txertoa jaso ez dutenei eta uko egin dutenek, guztiek, ekipamendu osoa (FFP2 maskara, eskularruak, mantalak eta plastikozko pantaila edo estalkia) jantzita izan beharko dute lanordu guztietan.

Txertorik jaso ez duten langileez galdetuta, Sagarduik esan du gertakina jasotzea "erabaki pertsonala" dela, eta ezin dela inor behartu. "Egia bada ondorio pertsonalak ez ezik, ondorio kolektiboak ere badituela", erantsi du. Dena dela, zehaztu du egoitzetan neurriak hartu direla eta protokolo zehatzak daudela kutsatzeak saihesten saiatzeko.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala albisteak Osakidetza Araba Gaixotasunak Gizartea Albisteak Gaur Gasteiz berriak Gaurko azken ordukoa Zientzia Osasunari buruzko albisteak Medikuak Adinekoentzako egoitzak Basurtuko ospitalea albisteak Gurutzetako ospitalea Erizaintza Medizinak albisteak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusari lotutako azken orduko albisteak Galdakao-Usansolo Ospitalea azken ordukoa Anbulatorioak albisteak Adinekoak