Gizartea -

KORONABIRUSA

Bi pertsona hil dira Nafarroan covid-19aren ondorioz, eta positiboek gora egin dute

Zehazki, 92 kutsatze atzeman dituzte, eta, hortaz, laugarren egunez jarraian zenbatu dituzte 100 kasutik behera. Hildakoak 93 urteko emakume bat eta 66 urteko gizon bat dira.

Osasun langile bat gizon bat txertatzen Nafarroan. Artxiboko argazkia: EFE.
Osasun langile bat gizon bat txertatzen Nafarroan.
Osasun langile bat gizon bat txertatzen Nafarroan. Artxiboko argazkia: EFE.

Eider Garaikoetxea | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroan bi pertsona hil dira covid-19aren ondorioz eta atzo beste 92 positibo detektatu zituzten, 2.225 proba egin ostean. Horrela, bada, positibotasun-tasa % 4,1era igo da (% 2,5ean kokatu zen asteartean).   

Bezperan baino 28 kasu gehiago dira, baina duela astebete zenbatutako 134 kutsatzeak baino gutxiago, eta duela 14 eguneko datutik (181) nabarmen urrun.

Barañain eta Tutera daude kasu gehien pilatzen dituzten udalerrien buru, seina kasu zenbatu baitituzte, eta Berriozar dago ondoren, bost kutsatzerekin. Gorraitzen, Zizur Nagusian eta Iruñeko II. Zabalgunea eta Arrosadia auzoetan, berriz, launa atzeman dituzte.

Atzo, 121 paziente zeuden koronabirusak jota Nafarroako ospitaleetan, bezperan baino 13 gutxiago, hain zuzen ere.

Atzokoan beste hiru ospitaleratze izan ziren, eta azken egunetan bi pertsona hil direla jakinarazi dute: 93 urteko emakume bat eta 66 urteko gizon bat.

Pandemia hasi zenetik 1.180 heriotza eta 60.910 kutsatzen izan dira Nafarroan.

 

 

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Nafarroa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Zientzia Osasun albisteak Medikuak Altsasu Azkoien Erizaintza Sendagaiak Txertoak Barañain Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa Anbulatorioak Osasunbidea