Gizartea -

Droga menpekotasuna

Emakumea, erruduna eta drogazalea: gizonen neurrira sortutako sisteman sendatzea

Emakundek sustatutako ikerketa baten arabera, emakume drogazaleek gizonek baino askoz zailtasun gehiago dituzte tratamendua jasotzeko.

Pilulak. Argazkia: Pixabay
Pilulak
Pilulak. Argazkia: Pixabay

Berezi Fernandez | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2020ko azaroan, Nagore Orozek, Yolanda Cerverok eta Iosu Martinezek emakume drogazaleek sendatzeko tratamenduetara iristeko dituzten oztopoen inguruko ikerketa egin zuten Emakunderentzat.

EAEko 127 emakume drogazalerekin —18 urtetik gorakoak— eta osasunaren alorreko 96 profesionalekin elkarrizketak egin zituzten estudioa egiteko. Ikerketaren ondorio nagusia argigarria da: "emakumeen droga kontsumoa, oro har, estali, isilarazi eta ikusezin bihurtzen du gizarteak".

Droga menpekotasunen bat duten emakume gazteen kasuan ere, egoera antzekoa dela dio Iragartze Garai Etorkintza Fundazioko psikologo klinikoak; izan ere, "oro har, zarata gutxiago egiten dute, bai eskola zentroan eta baita familian ere", eta "ez dituzte ardurak alde batera uzten", azaldu du psikologoak EITB Mediari emandako elkarrizketa batean. Hala, nerabeetan zailagoa da arazoa antzematea, eta "detekzioa beranduegi egiten da".

Errua eta lotsa: tratamendura heltzeko bi oztopo nagusiak

Emakunderen txostena osatzeko elkarrizketatutako emakumeen artean, gehienek lotsa sentitu dute tratamenduetara gerturatu aurretik. Profesionalek, gainera, erruduntasun eta antsietate sentimendu ugari ikusten dutela azaldu dute.

Informea egin duten ikerlarien hitzetan, lotsak geldiarazi egiten gaitu, eta hori izan daiteke "emakumeak tratamenduetara gutxiago heltzeko" arrazoietako bat. Ildo beretik, estudioan irakur daiteke emakumeok "dauden baliabideekin identifikatuta ez sentitzeak" ere eragin dezakeela, hori baita galdetutako askok azpimarratu duten arrazoietako bat.

Terapia uzten duten emakumeetan, berriz, errua da azalerazten duten sentimendurik ohikoena. Euren beharrizanak asetzeko besteko baliabideak jaso izan dituzten galdetuta, baina, erdiek baino gehiagok (% 60) ez dakite galderari erantzuten. Cerverok, Martinezek eta Orozek uste dute erantzun hori "euren beharrizanak planteatu eta identifikatzeko dituzten zailtasunen" adierazlea izan daitekeela, "sistema eta eskubideen urraketa kolokan jarri beharrean euren gain hartzen dutelako tratamendua uzteko ardura".

Halaber, Iragartze Garaik azpimarratu du emakume drogazaleek dituzten "karga emozionalei" erreparatzeko beharra dagoela, gehienak seme-alaben edo pertsona helduen zaintza euren gain hartzen baitute. Droga menpekotasuna duten nerabeetan, ostera, erabiltzaileek "zaurgarritasun handiagoa erakusten dute", inguruak "gogorrago" epaitzen dituelako.

Beste alde batetik, amatasunak funtsezko garrantzia hartzen du osatzeko prozesuan eta terapiara iristeko unean; izan ere, "ama gazteak izan nahi duten emakumeak ikusten ditugu, eta amatasunean salbazio antzeko bat dagoela uste dute. Ama izatea lortzen dutenean, baina, arazoak biderkatu egiten dira", azaldu du Etorkintzako psikologoak. Emakume drogazale helduen kasuan, ostera, amatasunarekin lotutako errudun sentimendua dute, seme-alabak zaintzeko gai ez direla uste dutelako.

Egitura patriarkalak eta genero ikuspegirik eza

Txostenaren arabera, laguntza jaso duten emakume drogazaleen erdiek tratamendua bertan behera uzteko gogoa izan dute, eta alde egiteko arrazoietako batek gizonezkoekin konpartitzen dituzten espazioetan sortzen diren arazoekin du zerikusia.

Hala ere, jasotako laguntza egokia dela uste duten itaunduta, gehienek baiezko erantzuna eman dute eta askok harridura erakutsi dute galderaren aurrean. Alegia, tratamenduak "pertsona guztientzat egokiak" direla azaldu dute, emakumezkoen eta gizonezkoen arteko bereizketarik egin gabe.

Cerverok, Martinez eta Orozek badute kontraesan hori azaltzeko erantzunik: "Emakumeek emandako erantzunak argi uzten du ezarritako tratamenduak kolokan jartzeko dagoen gaitasunik eza, baita oraindik indarrean dagoen interpretazio androzentrikoa ere. Errealitate maskulinoa da terapiaren erdigunea, eta hori hartzen da errealitate normatibo gisa".

Iragartze Garairen ikuspuntua ere ildo beretik doa. Terapia gehienak gizonezkoen neurrira sortuta daudela adierazi du psikologoak, "ikerketa gehienak gizonekin egin direlako eta ebidentzia zientifikoak gizonezkoen erantzunak kontuan izanda azalerazi direlako". Horregatik, ezinbesteko jo du "emakumeei zuzendutako arreta berezia eta espezializatua ematea", "emakumeen kontsumoa estalpean" egon baita orain arte.

Gainera, Garaik argitu duenez, "emakumeek beharrizan desberdinak dituzte; adibidez, jasaten dituzten kargak kudeatzen lagundu behar zaie tratamenduetan". Hortaz, terapiak erabiltzaileen ezaugarrietara egokitzeko premia dago, "gizarte matxistari" aurre egiteko.

Autoestimua eta harreman afektiboak, bereziki landu beharreko alderdiak

Ikerketan parte hartu duten profesionalen % 70ek adierazi du, menpekotasunaz gain, emakume asko indarkeria matxistaren biktimak direla, eta harreman afektiboekin, norbere irudiaren onarpenarekin eta amatasunarekin zerikusia duten arazoak dituztela.

Etorkintzako profesionalek, gainera, sexu-harremanek drogazaleak sendatzeko prozesuan eragin "izugarria" dutela nabarmendu dute. Kasurik larrienetan, droga menpekotasuna duten emakumeek prostituziora jotzen dute, eta horrek "adizioa areagotzea eta sufrimendu handia" dakar. Bada, horietako asko "erlazio afektibo toxikoetan murgilduta daude", eta drogen efektuen menpeko sexu-harremanak dituztenean, "gehienetan preserbatiborik gabe izaten da, eta horrek arriskua handitzen du".

Arestian aipatutako problematikei aurre egiteko beharrezkoak diren tresnak finkatzeko orduan bat datoz osasunaren alorreko profesionalak: emakume drogazaleekin bereziki landu behar dira gaitasun sozialak, feminitatea, sexuarekin zein generoarekin lotutako estigmak, autoestimua eta familia barruko harremanak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Drogak Emakunde Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Erreportajeak Albisteak Osasun albisteak Matxismoa Feminismoa