Gizartea -

DIBULGAZIO ZIENTIFIKOA

EHUko ikerketa talde batek mapatxe txakurraren genoma deszifratu du

Espezie hori ezaguna da gizakiari eragin diezaiokeen hainbat gaixotasunen bektorea delako, hala nola covid-19arena.

Mapatxe txakurra. Argazkia: Pixabay
Mapatxe txakurra.
Mapatxe txakurra. Argazkia: Pixabay

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EHUko ikerketa-talde batek mapatxe txakurraren genoma osoa osatu eta idatzi du lehen aldiz. Ekialdeko Asiakoa da jatorriz, baina Europan sartu zen eta bertan finkatuta dago. Ezaguna da gizakiari eragin diezaioketen hainbat gaixotasunen bektorea delako, hala nola covid-19arena.

Frontiers in Genetics aldizkariak argitaratutako lana EHUko Sistematika, Biogeografia, Jokabidearen Ekologia eta Eboluzioa taldeko Luis Javier Chueca doktorego osteko ikerlariak zuzendu du, Bioaniztasunaren Genomika Traslazionalaren Zentroarekin (LOEWE-TBG) eta Alemaniako Frankfurt am Maineko Goethe Unibertsitatearekin elkarlanean.

Chuecaren ustez, "argitalpenean aurkeztutako genomak erreferentziatzat balioko die etorkizuneko azterlan ebolutiboei eta ekologikoei, baita geneen eta gaixotasunen arteko asoziazioei eta karniboroen arkitektura kromosomikoari buruzko azterlanei ere".

Mapatxe txakurra azeriaren ahaide hurbila da. 1940ko hamarkadan, larrugintza interesak zirela eta, Europan sartu, eta finkatu egin zen. Orain arte, Frantzian bakarrik aurkitu da, baina espezieen banaketa ereduek erakusten dute mapatxe txakurrek Iberiar penintsula koloniza dezaketela datozen 20 urteetan.

Espezie inbaditzaile honek garrantzi handia du osasun publikoaren ikuspuntutik, gizakiari eragin diezaioketen gaixotasun askoren gordailu eta bektorea delako, covid-19arena, besteak beste.

Ikerketan 27.000 gene baino gehiago identifikatu eta idatzi dituzte. Bestalde, mapatxe txakurraren eta otsoaren arteko dibergentzia 12 milioi urte ingurukoa bada ere, bi espezieen egituraren eta genomen arteko sintonia espero baino handiagoa dela ikusi dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EHU Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Zientziaren hedapena Animaliak