Gizartea -
Koronabirusa
Aburtok txertoaren lehen dosia jaso eta "ez lasaitzeko" deia egin du
Bilboko alkateak "pozarren" dagoela esan du eta bilbotarrak, Osakidetzaren deia jaso ahala, inokulatzera animatu ditu.
E. G. | EITB MEDIA
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak atzo arratsaldean jaso zuen covid-19aren kontrako txertoaren lehen dosia. Horren berri emateko Twitterren gaur eskegitako mezu batean, alkateak immunizatzeko eta "ez lasaitzeko" deia egin die herritarrei.
"Arduratsuak izan, zaindu zaitezte eta birusaren kontrako osasun gomendioak jarraitu", eskatu du. Immunizazioaren lehen zatia jasota, "pozarren" eta "ondo" dagoela adierazi du alkateak. Aburtori duela hilabete egin zioten ebakuntza, "duodenoan tumore txiki bat" atzeman ostean.
"Bilboko herritarrak, txertatzeko deia edo abisua jaso ahala, immunizatzera" animatu ditu Aburtok.
Era berean, "Osasun Sailak eta Osakidetzako profesionalek urte luze honetan egindako lan bikaina" goraipatu nahi izan du EAJko alkateak. Nolanahi ere, "ez lasaitzeko" eta "arduratsuak" izateko eskatu du, osasun neurriak betez, hala nola, "maskara erabilita, eskuak garbituta, espazio itxiak aireztatuta eta distantzia errespetatuta".