Gizartea -

KORONABIRUSA

Sagardui: "Datorren hiru asteak erabakigarriak izango dira pandemiaren garapenean"

Urkullu lehendakaria, Osasun sailburua eta Osakidetzako zuzendari nagusia Gasteizko txertaketa-guneetako batean izan dira gaur goizean.

Gotzone Sagardui Osasun sailburua gaur, Gasteizen. Argazkia: Irekia
Gotzone Sagardui Osasun sailburua gaur, Gasteizen.
“Aurrera goaz, baina ez du esan nahi ondo gaudenik, neurriekin jarraitu behar dugu”

2:41

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakaria, Gotzone Sagardui Osasun sailburua eta Rosa Perez Osakidetzako zuzendari nagusia, Lakuako pilotalekuan izan dira gaur goizean, Osakidetzak Gasteizen duen txertaketa-guneetako batean.

Lehendakariak eskerrak eman nahi izan dizkie euskal Osasun Zerbitzuko milaka langileei, pandemiak 14 hilabete eta txertaketak 140 egun egin dituen honetan, egiten ari diren lan gogorragatik. Txertaketari dagokionez, EAEko biztanleen %18 dago jada erabat immunizatuta eta % 43k gutxienez dosi bat jaso du, Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera.

Instalazioak bisitatu ondoren, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak azpimarratu du datozen hiru asteak "erabakigarriak" izango direla pandemiaren bilakaerarako, eta bi helburu bateratu behar direla azaldu du: "intzidentzia-tasa ahalik eta gehien murriztea eta txertaketa ahalik eta gehien handitzea".

lakua

Urkullu, Sagardui eta Perez gaur, Gasteizen. Argazkia: Irekia

Pandemiaren bilakaerari dagokionez, sailburuak azaldu du adierazleek beheranzko joera erakusten jarraitzen dutela. Hala, 100.000 biztanleko 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasa 316,59 kasutan kokatzen da, eta, datu positibo gisa, Arabako Unibertsitate Ospitalean ez zela atzo covid gaixorik ospitaleratu jakinarazi du.

Kasu berriei dagokinez, larunbat honetan martxoaren 21etik izan den kopururik txikiena atzeman zen.

Gauzak horrela, "hilabetetan egindako esfortzua baloirik gabe gera ez dadin, prebentzio neurriak mantentzeko beharra" azpimarratu du Sagarduik.

Felix Zubia Donostia Ospitaleko ZIUko buruak ere mezu bera eman du gaur Euskadi Irratian.

69 covid-19 kasu berri zenbatu dira Nafarroan, beheranzko joerari eutsiz

Oso poliki bada ere, covid-19aren kutsatze kopurua beheraka doa Nafarroan ere. Atzo, larunbata, 69 koronabirus kasu berri zenbatu ziren, bezperan baino 6 gutxiago, Foru Gobernuko Osasun Sailak zabaldutako behin behineko datuen arabera. Duela astebeteko (maiatzak 8) datuekin alderatuta, berriz, 32 kutsatze gutxiago erregistratu dira.

1.284 PCR proba eta test antigeno egin ziren atzo, eta positibotasun tasa % 5,4koa izan zen.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak