Gizartea -
Indarkeria matxista
Gizon batek emakume bat hil du Sevillan
Biktimak 65 urte zituen eta gurpildun aulkian mugitzen zen. Goizean topatu dute haren gorpua, eta handik gutxira atxilotu dute 43 urteko gizonezkoa, ustezko hiltzailea delakoan.
E. G. | EITB MEDIA
Espainiako Poliziak 43 urteko gizonezko bat atxilotu du gaur, 65 urteko emakume baten ustezko hiltzailea delakoan. Hilketa Sevillako Pino Montano auzoan jazo da, biktimaren etxean.
Emakumearen gorpua 06:00ak aldera topatu dute Corral de los Barquilleros kaleko bere etxean.
Handik gutxira hartu dute atxilo ustezko hiltzailea. Oraindik ez dago baieztatuta etxebizitzan bertan ote zegoen Polizia heldu denean.
Zehazteke dago zein harreman zuten gizon-emakumeak. Biktimak gurpildun aulkia behar zuen mugitzeko, eta bakarrik bizi zen.
Polizia zientifikoak ikerketa abiatu du hilketaren nondik norakoak argitzeko. Bien bitartean, emakumearen hilotza Auzitegiko Institutu Anatomikora eraman dute autopsia egiteko.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta / edo deitu doako telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Lehenak arrastoa uzten du fakturan eta telefonoan; bigarrenak, telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.