Gizartea -

Erreportajea

Pandemia garaian jaioak: Nolako eragina izan du itxialdiak haur txikiengan?

Zenbait adituk azaldu digute itxialdia nolako eragina izaten ari den pandemian zehar jaiotako haurren garapen eta hazkuntzan.

Jaioberri bat
Jaioberri bat
Jaioberri bat

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jaiotza-tasek minimo historikoak jo dituzte Euskadin. Adibide gisa, esan daiteke 2020an 2008an baino 6.000 ume gutxiago (% 30) jaio zirela, EITB DATAk jasotako datuen arabera. Litekeena da datu horiek behera egiten jarraitzea, pandemiaren eragina dela medio.

Hain zuzen, itxialdiaren aurretik, bitartean, zein ostean jaiotakoei, coronababy, pandemial edo cuarentenial esan izan zaie. Baina, zer erronka dituzte aurretik haur horiek eta euren familiek, belaunaldi izendapen berri bat jasotzetik harago?

Javier Benito Pediatriako Larrialdi Zerbitzuetako burua da Gurutzetako Ospitalean. Horren aburuz, zaila da oraindik gaiari buruzko iragarpenak egitea. Haur handiagoen, nerabeen zein aurretiazko diagnostiko psikiatrikoak dituzten pazienteen kasuetan ez bezala, "orain arte ez dugu ebidentziarik pandemian zehar hartutako neurriek jaioberrien osasunean edo ikasketa-prozesuan eraginik izan duten kalkulatzeko".

Hala ere, badira pandemian zehar jaiotako haurrek nolabaiteko eragina nabarituko dutela dioten adituak ere. Lide Treku Donostiako Kulunkan Psikologia zentroko psikologoaren ustez, osasun krisiaren ondorio psikologikoak edonon aurki daitezke, haur jaioberrietan, batik bat.

Bestelako mundu batera ateratzea

Naroa Hernandez barakaldarrak eta bikotekideak iazko urtarrilean izan zuten bigarren haurdunaldiaren berri, hau da, pandemiak gure egunerokoa hankaz gora jarri baino bi hilabete lehenago. Naroaren oroitzapenik gogorrena Xiber semea jaio aurreko hilabeteak dira. Ez zuen itxialdia espero, eta ez zen erraza izan hilabete horietan zehar egin zizkioten proba guztietara bakarrik joatea, berri txarrik jasotzekotan alboan bikotekidearen edo senide baten babesik gabe.

Musukoarekin erditzea ez du maitasunez gogoratzen, ezta bikotekidearekin batera Gurutzetako Ospitaleko gela batean emandako hurrengo egunak ere, familiarekin zoriona partekatu gabe. Nolanahi ere, Xiber jaio eta gero, "inoiz ez dut beldurrik izan".

Bizitzako lehen hilabeteetan, familia-nukleo hurbilenaren zaintzak jaso izan dituzte jaioberriek, gurasoenak batez ere, baina, sarritan, etxean giltzapetuta egin dute, kanpo-estimulu gutxiagorekin. Ibilaldiak, jolas-taldeak eta parke edo haurtzaindegietan izan daitezkeen interakzioak murriztu egin dira, inguratzen dituen mundua esploratzeko aukerak ere gutxituta. Pandemian jaiotako haurtxoentzat normala da etxetik kanpoko pertsonen irribarrerik eta keinurik ez ikustea.

"Txikitxoak zazpi hilabete bete berri ditu, eta oraindik ez ditu senide batzuk ezagutzen, gu bezala Bizkaian bizi arren". Beste batzuek umea ezagutzeko aukera izan dute, baina oraindik ez dute besoetan hartu. "Alde horretatik, pena izan da gure semea garai honetan jaio izana". Hernandezen gurasoak, Xiberren aitita-amamak, Barakaldon bizi dira, haiek bezala, eta elkarrekin denbora eman ahal izan dute. Ez, ordea, aitaren aldeko aitita-amamek: "Arrietan bizi dira, eta, udalerrien itxialdiak direla eta, ezin izan dugu elkar ikusi". Aitortu duenez, "zaila izan da haientzat, baina baita guretzat ere".

Lide Treku psikologoaren hitzetan, jaioberrien eta gurasoen lehen beharra da atxikimendua eraikitzen joatea eta afektuan oinarritutako elkarrekintzak izatea, eta kontaktu fisikoa "ezinbestekoa" da horretarako. Aldiz, lehenetsi egiten da alor fisikoa, emozionalaren aurrean: "Hanka-sartze handia da fisikoa bakarrik zainduz mundu mailako krisi honetatik onik aterako garela pentsatzea".

Psikologoak adierazi duenez, "denbora hori ari zaigu erakusten, osasun mentalaren okertzeari so egiten badiogu". Osasun mentaleko zerbitzu publikoak "gainezka" daudela dio, "eta pribatuak oraindik ez erabat, baina denbora kontua da". Hori dela eta, ondorioak tratatu baino, uste du "prebentzioan lan egiten badugu askoz hobeto joango zaigula".

Horren harira, Javier Benito pediatrak dioenez, "hurbileko familia da ikasketa eta garapen inguru nagusia bizitzako lehen bi urteetan, eta litekeena da azkenaldian sendotu izana".

Psikologoaren ustez, bizi garen gizarte ereduan, ordutegiak eta haurren bizitza "gurasoen lanaren inguruan eraikitzen dira eta horiek baldintzatzen dute". Horregatik, "konfinamenduetan ematen den denbora haurren beharren arabera bananduta egotea, zalantzarik gabe, onuragarria da haientzat". Denboraren banaketa horretan, jolas-ordu gehiago sartuko dira eta guraso eta haurren arteko lotura estutuko da, atxikimendua indartuz.

Pandemia garaian hezitzea

Talde-inguruak (haurtzaindegi, ikasgela edo parkeak, esate baterako) egokiak izan ohi dira, haurrek arazo kognitibo, sentsorial, motor edo ikaskuntzakorik duten goiz antzemateko.

Xiber duela hilabete hasi zen haur-eskolan, eta, amaren hitzetan, "primeran dago". Sehaska-garaian dagoen bakarra da bere taldean, baina kideei begira egoten da, jolas egiten du eta gainerako umeekin zein jostailuekin elkar eraginean egoten da. "Konfinamenduak nagusiago harrapatu dituen umeek gehiago nabarituko zuten, agian, beste umeekin harreman falta", horren hitzetan.

Beste umeekin harremana izaten hasi denetik, gurasoek uste dute nolabaiteko "normaltasunean" ari dela bizitzen. Parkera joaten da, haurrak ikusten ditu, haiekin jolasean ibiltzen da eta zabuetan esertzen dute. "Normaltasun erlatiboa da, baina uste dut pandemiarik gabe biziko lukeen errealitatearen nahiko antzekoa izaten ari dela".

Hasieran, jendea musukoarekin bakarrik ezagutzeak kezkatu egiten zituen, baina "azkenaldian hasi da irribarreka erantzuten, bada komunikazio bat". Hemendik hilabete batzuetara egoerak berdin jarraituz gero, zerbait igartzen has litekeela uste du Xiberren amak, baina, orain arte, umearen garapen komunikatiboa ohiko bidetik doa.

Egoera hau luzatzekotan, "pandemiaren haurrak" izango ditugu

"Horrelako defizit emozional eta sozialeko egoerak haurrengan eragina izango du eta eragina izaten ari da oraintxe bertan, zalantzarik gabe", Treku psikologoaren aburuz. Horren iritzian, pandemia baten inguruko lehen esperientzia globala izanik, denbora eta datuak beharko dira oraindik, egoera haur txikiengan izaten ari den eragina kalkulatzeko. Hala ere, "esan daitekeena da aspaldidanik dakigula estimulazioak haurraren garapenean berebiziko garrantzia duela".

Estimulaziotzat jotzen dira gorputz espresioak, kontaktu fisikoa, mugimendua edo inguruko mundua esploratzea. Psikologoaren ustetan, "horiek guztiak murriztuta daude orain, eta horien galera egon denean haurrengan behatu ahal izan dena da garapen geldoagoa izaten dutela, baita eragin kognitibo eta emozional larriak ere".

Etorkizunean, koronabirusetik eratorritako egoera asko luzatzekotan, "pandemiaren haurrak" izango ditugu, Trekuren aburuz, "gaitz larririk izan gabe, alor batzuetan zailtasun txikiak ager ditzaketenak". Horren arabera, haur handiagoen kasuetan, "nabariak" dira jada ondorioak: "frustrazio tasa altuak, antsietatea, tristura eta beldurra" dira kontsultan behatu dituen adibideetako batzuk.

Datu ofizialen faltan, psikologoa osasun mentala okertzen ari dela nabaritzen hasi da, egunerokotasunean kontsultan ikusten duena ikusita. Ez daki pandemiak nolako eragina izango duen etorkizunean, baina "imajinatzen dut haur bakoitzaren barne-egiturak eta erresilientzia gaitasunak asko baldintzatuko dutela eragin hori".

"Haurren egia da egokitzeko gaitasun handia dutela, eta ohiz kanpoko egoera honetara ere ari dira ohitzen", ondorioztatu du Trekuk.

Nola aurre egin erronka horiei?

Pandemiak koronabirusaren garaian jaiotako haurtxoei nola eragingo dien jakiteko denbora beharko da oraindik, baina, oraingoz, bada gurasoek egin dezaketenik, izan litezkeen ondorioak gutxitzeko.

Trekuren ustez, "jolas librea" izan liteke estimulazioa pizteko alternatibarik egokiena: kalekoa, ez-egituratua eta helduek gidatu gabekoa. Jolas sinpleak izan daitezke, haurrari bere mundua sortzea baimentzen diotenak, eta "jostailuak zenbat eta gauza gutxiago egin, orduan eta gehiago ipiniko du haurrak bere aldetik, eta, beraz, aberasgarriagoa izango da jolasa".

Psikologoak ezinbesteko ikusten du "musukorik gabeko uneak ahalik eta ugarienak izatea, mendira joatea eta natura inguruetan maiz ibiltzea", haurrekin batera ariketa fisikoa egitea ardatz hartuta. Ahal den heinean, eta betiere sozializazioa "gizakiaren oinarrizko behar bat" dela ahaztu gabe, beste haur eta pertsona batzuekin harremanetan egon daitezela gomendatu du.

Benitoren arabera, "erabateko itxialdi egoera luzatu izan balitz, pandemiaren lehen olatukoa bezala, arazoak sortuko ziratekeen". Egungo egoeran, berriz, ez: izan ere, horren aburuz, "iazko maiatzetik aurrera, haurrek nolabaiteko bizitza soziala izan dute haurtzaindegi, eskola eta jolas-inguruetan, mugaketak gorabehera".

Hernandezek ere uste du normalkuntzarako prozesua posible dela: "moldatu gara, eta nahiko normalizatu dugu egoera, bizitzaz gozatzeko". Oztopoak oztopo, "gainerakoa hain polita izan denez, irabazi egin dugu".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Umeak Erizaintza Koronabirusa Osasunbidea