Gizartea -
INDARKERIA MATXISTA
Gizon bat espetxeratu dute bikotekideari eraso eta atxikita izateagatik Barakaldon
Astelehenean hainbat herritarrek udaltzainei deitu zieten, gizon bat emakume bati kalean eraso egiten ari zitzaiola ohartaraziz. Emakumea hiru egunez atxikita izan zuen lantegi zahar batean.
EITB MEDIA
Emakumearen Aurkako Indarkeriaren arloko Barakaldoko Epaitegiko titularrak espetxera bidali du bikotekideari eraso egiteagatik eta hiru egunez lantegi zahar batean giltzapetuta edukitzeagatik astelehenean atxilotutako gizona.
Atxilotuari lesioak, mehatxuak eta agintaritzaren agenteen aurkako atentatua ere egotzi dizkiote, Angel Madrazo Herritarren Segurtasuneko eta Babes Zibileko zinegotziak ostegun honetan jakitera eman duenez.
Madrazok azaldu duenez, gizona aste berean hiru bider atxilotu zuten duela gutxi, bi lapurreta-delitu eta genero-indarkeriako beste delitu bat egotzita.
Astelehenean, maiatzaren 31n, Gurutzeta auzoan lanean zebiltzan udaltzainek dei bat jaso zuten, denda baten kanpoaldean gizon bat emakume bati eraso egiten ari zitzaiola oharataraziz.
Agenteak bertaratu zirenean, gizona zutik topatu zuten, "oso aztoratuta", eta emakumea, berriz, eserleku batean eserita, "urduri eta negarrez". Bikotearenga hurbildu zirenean, gizonak besoan ukabilkada bat eman zion emakumeari, oihuka.
Gizona atxilotzen saiatu ziren, baina indarrez eutsi zion honek, eskuekin ukabilkadak emanez. Dena dela, azkenean agente gehiago gerturatu ziren eta horien laguntzarekin gizona menderatzea lortu zuten.
Emakumeak harreman sentimentala zutela baina bere borondatearen kontra hiru egunez lantegi zahar batean atxikita izan zuela kontatu zien agenteei. Gainera, egun horietan kolpatu eta mehatxu egin ziola, eta telefono mugikorra ere kendu ziola azaldu zien, inorekin harremanetan jarri eta laguntzarik eskatu ez zezan.
Joaten utzi eta egun batzuetara, gizona emakumearen bila itzuli zen eta elkarrekin denda batera joan ziren. Gizonak ordaindu gabe edari batzuk eraman zituen dendatik, eta emakumeak jarrera hori aurpegiratu zion. Orduan, gizonak bultza eginez lurrera bota zuen emakumea eta dendatik arrastaka atera zuen, bai bera bai lokalean zeuden pertsonak irainduz.
Mehatxuak
Dendaren kanpoaldean zegoela, banku batean eserita, gizonak labana bat jarri zion lepoan mehatxu egiten zion bitartean, eta une horretan agertu zen Udaltzaingoa.
Herritarren Segurtasunerako eta Babes Zibilerako zinegotziak baieztatu duenez, gizona astearte arratsaldean bidali zuten espetxera, Barakaldoko Emakumeen aurkako Indarkeriaren arloko Epaitegiaren aginduz, eta Udaltzaingoak egindako lana aitortu du; era berean, "tratu txarrak ematen dituen gizona eta ohiko gaizkile bat" espetxeratu izana zoriondu du.