Gizartea -

Mugikortasuna

1,7 kilometroko bidegorri batek Bilboko eta Barakaldoko sareak lotuko ditu

Bilbon, Zorrotzako kiroldegitik abiatuko da mugaraino, N-634 errepidearen alboan. Barakaldon, Cadagua ibaiaren zubia eta Serralta lotuko ditu, Portugaleteko kairaino.

Zorrotza-Lutxana tartea, Zumalakarregi kalea. Argazkia: Bizkaiko Aldundia
Zorrotza-Lutxana tartea, Zumalakarregi kalea.
Zorrotza-Lutxana tartea, Zumalakarregi kalea. Argazkia: Bizkaiko Aldundia

EiTB Media | Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko Foru Aldundiak 1,1 milioi euro inbertituko ditu, Bilbo eta Barakaldo artean 1,7 kilometroko bidegorri bat eraikitzeko. Horrela, bi udalerrietako bidegorriak lotu eta Ezkerraldeko sarea osatuko ditu.

Juan Mari Aburto eta Amaia del Campo Bilboko eta Barakaldoko alkateek, hurrenez hurren, eta Imanol Pradales Bizkaiko Azpiegitura eta Lurralde Garapenerako diputatuak proiektua aurkeztu dute ostiral honetan.

1766 metroko bidegorria eraikitzeko inbertsioa foru erakundeak egingo du, eta Bilboko eta Barakaldoko udalek lanak aurrera eraman eta bidegorria zainduko dute.

Bilbon, 338 metroko tartea Zorrotzako kiroldegitik abiatuko da, bertan Olabeaga-Zorrotza bidegorriarekin lotuz, eta Barakaldoko mugara iritsiko da, N-634 errepidearen ondoan. Lanek 241.726 euroko aurrekontua dute, eta hiru hilabeteko epea amaitzeko.

Bidegorri tarte berriaren ibilbidea. Argazkia: Bizkaiko Aldundia

Bidegorri tarte berriaren ibilbidea. Argazkia: Bizkaiko Aldundia

Barakaldoko tarteak 1428 metro izango ditu. Cadagua ibaiaren zubitik Burtzeña eta Lutxana auzoak lortuko ditu, Serraltan Portugaleteko kaiarekin bat eginez. Lanak amaitzeko zortzi hilabete aurreikusi dituzte, eta 915.032 euroko aurrekontua.

Amaia del Campo Barkaldoko alkateak azaldu duenez, bidegorri berriak "Bilborekin eta Eskuinaldearekin lotuko ditu, itsasadarraren bidez, zubia oinezkoentzako eta bizikletentzako pasabide bilakatuko baita, Zorrotzaren bitartez".

Juan Mari Aburto Bilboko alkatearen ahotan, "bizikleta garraiobide garbi, jasangarri eta osasuntsu bezala bakarrik ez, metropoliaren mugikortasuna saretzeko osagai gisa baizik, ulertzen dugula demostratzen du egitasmoak".

Azkenik, txirrindularientzako bide seguruak izatearen garrantzia azpimarratu du Imanol Pradales Azpiegitura eta Lurralde Garapenerako diputatuak, garraio publikoarekin lotura egokia izateko, eguneroko joan-etorriak errazteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Bilbo Bizkaia Barakaldo Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Garraio publikoa Bidegorrien albisteak