Gizartea -

Eraso matxista

Gizon bat atxilotu dute Basaurin, haurdun dagoen bikotekideari eraso egiteagatik

Biktima haurdun dago, eta ertzainei azaldu zienez, erasotzaileak etengabe urratzen zuen urruntze agindua, bera eta alaba mehatxatuz.

EITB Media | Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

24 urteko gizon bat atxilotu du Ertzaintzak, Basaurin, haurdun dagoen bikotekidea labanaz erasotzeagatik. Biktima indarkeria matxistaren biktimen programan zegoen dagoeneko, eta gizonak urruntze agindua zuen.

Biktimari hainbat ebaki egin zizkion gizonak, eta ospitalera eraman behar izan zuten zauriok osatzeko. Erasoa ostiraleko 23:15ean izan zen, Basauriko Basozelai auzoko etxebizitza batean, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.

Emakumeak adierazitakoaren arabera, etxera bueltatzean bikotekidea topatu zuen bertan. Erasotzailea kondenatuta zegoen, mehatxuengatik, eta urruntze agindua zuen. Jaioko den haurrari buruzko eztabaida hasi zuten, eta emakumearen senide bat etxean agertu zen orduan, aurreko egunetan biktimaren berririk gabe egoteagatik arduratuta.

Gizonak labana bat hartu zuen sukaldean eta hainbat ebaki eragin zizkion biktimari, besoetan. Gero, ihes egin zuen erasotzaileak.

Emakumea etxean bertan artatu zuten osasun langileek, eta ospitalera eraman zuten, Ertzaintza bertan agertu ostean.

Biktimak agenteei azaldu zienaren arabera, bikotekideak etengabe hausten zuen urruntze agindua; eta heriotza mehatxuak egiten zizkion, berari eta beste gizon batekin duen alabari.

24 urteko erasotzailea Berrizen atxilotu zuten eta hiru delitu egotzi dizkiote: hilketa ahalegina, genero indarkeria eta kondenaren haustea.

Berrizko Udalaren gaitzespena

Berrizko Udalak  prentsa ohar batean adierazi du "irmotasunez gaitzesten" dutela herriko bizilagunak Basauriko emakumeari egindako erasoa.

Eraso matxista salatzeko, hamabost minutuko kontzentrazioa deitu du Udalak, ekainaren 14rako, Urtiaga plazan.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta / edo deitu doako telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Basauri Indarkeria matxista Euskal hiriburuak Delituak Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Berriz