Gizartea -
Indarkeria matxista
Gizon batek emakume bat hil du Madrilen
84 urteko gizonezkoak mailu batekin kolpatu du bikotekidea, 81 urteko emakumezkoa. Ospitalean hil da. Poliziak gizona atxilotu du, hilketa aitortu ostean.
E. G. | EITB MEDIA
84 urteko gizonezko batek bikotekidea, 81 urteko emakumezkoa, hil du bart bikoteak Madrilgo Moratalaz barrutian duen etxebizitzan, Espainiako Gobernuaren Genero Indarkeriaren kontrako Ordezkaritzak jakinarazi duenez.
Hilketa matxista astearteko 20:00ak aldera jazo zen. 112 larrialdietako telefonoan dei bat jaso zuten ordu horretan, etxeko leihotik emakume bat laguntza eske ari zela esanez.
Larrialdietarako zerbitzuak etxebizitzara iritsi zirenean, emakumea zaurituta topatu zuten; garezurreko traumatismo larria zuen. Ikerketaren arabera, gizonak mailu batekin kolpatu zuen emakumea, hainbat aldiz. Biktima Doce de Octubre ospitalera eraman zuten, eta bertan hil zen.
Bestalde, Espainiako Poliziak hilketaren egilea atxilotu zuen. Gizonak berak zabaldu zien atea agenteei, eta egindakoa aitortu zien.
Genero Indarkeriaren kontrako Ordezkaritzaren arabera, ez dago tratu txarren salaketarik.
Aurten Madrilgo Erkidegoan gertatu den 6. hilketa matxista da honakoa, eta 21.a Espainiako Estatuan.