Gizartea -
Pasadizoan dauden pertsonak
"Ibilbide seguru eta legezkoak" eskatu dituzte, migrazioa "delitua ez delako"
Kanarietako ibilbide arriskutsua protesten erdigunean jarri nahi izan dute; izan ere, iaz "1850 pertsona hil edo desagertu ziren, ibilbide hori aukeratu behar izan zutelako" aberritik ateratzeko.
EiTB Media
Jende olde batek pertsona migratzaile zein errefuxiatuentzako "ibilbide seguru eta legezkoak" aldarrikatu ditu igande honetan. Era berean, Kanarietan gertatzen ari dena salatu dute; izan ere, iaz "1850 pertsona hil edo desagertu" ziren bertan.
Ongi Etorri Errefuxiatuak, Amnistia Internazionala, CEAR Euskadi, Denon Elkartea, Hiritarron Harrera Sarea, SOS Arrazakeria eta Zaporeak elkarteek, besteak beste, deitu dituzte protestak, Pertsona Errefuxiatuaren nazioarteko Egunean.
Donostian, "Pasadizo askea", "Migratzaileak ez daude soberan, arrazistak bai" eta "Erbestea izan ginen, babesleku orain" bezalako pankartak erakutsi dituzte Donostian. Gipuzkoako hiriburuaren portuan elkartu dira manifestariak 12:00etan, eta Kale Nagusian ibilbidea egin ondoren, manifestazioa Alderdi Ederreko lorategietan bukatu da.
Ekimenaren helburua "pertsona migratzaileek eta errefuxiatuek bizi duten zaurgarritasun egoera salatzea" da, azaldu du Xabier Areta Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteko kideak, manifestazioa hasi baino lehenago.
Aurten Kanarietako ibilbide arriskutsua protesten erdigunean jarri nahi izan dute; izan ere, iaz "1850 pertsona hil edo desagertu ziren, ibilbide hori aukeratu behar izan zutelako" haien aberritik ateratzeko.
"Legezko ibilbide seguruak nahi ditugu", horrek Euskal Herriari ere eragiten dio, Irunen muga bat duelako, eta "azken hilabeteetan bi migratzaile hil dira bertan", gogorarazi duenez.
Zentzu horretan, "erakunde guztiek", Espainiako Gobernuak, Europar Batasunak zein Eusko Jaurlaritzak, "pixka bat gehiago egingo balute, pertsona migratzaileek ez lituzkete ibilbide horiek aukeratu beharko", ziurtatu du.
2020an aurkeztu ziren 80 000 asilo eskaeretatik % 95 atzera bota zituztela kritikatu du; beraz, "beste migrazio politika mota bat" aldarrikatzen dute.
"Migrazioa ez da delitu bat, eskubide bat baizik, eta inork ez du aberria gustuz uzten, gerra edo jazarpena bezalako arrazoiak daude beti atzean", adierazi du Aretak. Azkenik, "Irun, Ceuta eta Melillan berehalako kanporatzeak bukatzea", eskatu du.
Beste manifestazio bat ordu berean abiatu da Bilboko Arriaga plazatik, "Izan gaitezen babesleku: Bide seguru eta legalak orain" lelopean, Amnistia Internazionala, CEAR-Euskadi, LAB, Ongi Etorri Errefuxiatuak Bizkaia, Bigite Elkartea, Caminamos para crecer, Egiaren Batzordea Kolonbia, Nodo Euskadi, Famek Elkartea, Ellacuria Fundazioa, Gizakia Fundazioa, Harresiak Apurtuz, Nos Unimos-Unissons nous, ErregularizazioaOrain Bizkaia eta SOS Arrazakeriak deituta.
Era berean, Gasteizen, 12:00etan hasi da protesta Andre Mari Zuriaren plazan, Amnistia Internazionala, CEAR-Euskadi, LAB, Ongi Etorri Errefuxiatuak Araba eta Sareak Jostenek deituta.
Iruñean, performance batek pertsona errefuxiatu zein migratzaileen "ikusezintasuna" salatu du. "Inklusioaren boterea" lelopean, ekimenean 200 bat pertsonak hartu dute parte, Nafarroako Jauregiaren aurrean. Foru Gobernuaren egoitza aurrean kartelak erakutsi dituzte, alde batean zenbaki bat eta bestean izen, adin eta lanbide batekin.
Txalapartaren musikak lagunduta kartelei buelta eman diete, identifikazio zenbaki bat soilik edo pertsonaren datuak erakusteko.
"Burua zabaltzeko" eskatu du Jaurlaritzak
Bestalde, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak herritarrei "aurreiritziak alde batera utzi eta burua zabaltzeko" eskatu die, "beste kultura eta bizimodu batzuk ezagutzea aberasgarria delako". Era berean, Babes Komunitarioa programa, aitzindaria Europan, bi urtez luzatuko dela iragarri du sailburuak.
Pertsona Errefuxiatuen Nazioarteko Egunean parte hartzeko, Bilbon izan da Artolazabal. Sophie Muller Espainiako UNHCRko arduradun nagusiak sailburua lagundu du ekitaldian.
Eusko Jaurlaritzaren Babes Komunitario programari atxikitako Siriako bost familiak hartu dute parte ekitaldian.
Siriako familiak "euskal herritar berriak" dira, esan du sailburuak. "Beldurra kendu, aurreiritziak alde batera utzi eta burua zabaltzeko" eskatu dio gizarteari, "beste kultura eta bizimodu batzuk ezagutzea aberasgarria delako".