Gizartea -

Heriotza duina

Eutanasiaren legea indarrean sartu da Hego Euskal Herrian

Gaixotasun larri eta sendaezinek eragindako sufrimendu jasanezina pairatzen duten pertsonek eutanasia aplikatzea eska dezakete gaurtik aurrera.

Heriotza duinerako eskubidea aldarrikatuz, Kongresuaren aurrean egindako protesta bat. EFE
Heriotza duinerako eskubidea aldarrikatuz, Kongresuaren aurrean egindako protesta bat.
Heriotza duinerako eskubidea aldarrikatuz, Kongresuaren aurrean egindako protesta bat. EFE

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eutanasiaren legea ostiral honetan sartu da indarrean Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. Nork bere borondatez eta idatziz egin beharko du eskaria, agiria mediku baten aurrean sinatuta.

Araudi berria joan den martxoan onartu zuten Diputatuen Kongresuan eta Estatuko erkidego guztietan ezarriko dute. Testuaren arabera, eutanasia eskatzeko eskubidea izango dute gaixotasun larri eta sendaezina izanik sufrimendu jasanezina pairatzen duten pazienteek.

Gauzak horrela, Osasun Ministerioak eta erkidegoek medikuntza protokolo bat adostu dute eutanasia eskatzen duten pazienteen egoera ebaluatzeko irizpideak zehaztuta. Halaber, jardunbide egokirako gida bat lantzen ari dira eta, besteak beste, hiltzen laguntzeko farmakoak gomendatuko dituzte.

Eusko Jaurlaritzak adierazi du prestazio hori berme guztiekin eskaini ahal izateko beharrezkoak diren neurri guztiak hartu dituela jada.

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak esan du eutanasia "eskubide bat" dela, "eta ez betebehar bat". "Mina eta sufrimendua ekidin nahi duten pertsonei laguntzeko beste urrats bat emango dugu lege honekin", erantsi du.

Horrez gain, ziurtatu du prozedura guztiak "berme guztiekin" gauzatzeko tresnak biltzen dituela araudiak, bai heriotza duina izateko laguntza eskatzen duten pazienteen ikuspuntutik bai kontzientzia-objektore diren profesionalen aldetik.

Ildo horretan, Berme eta Ebaluazio Batzordea sortu dute, eta osasun arloko profesionalak nahiz herritarrak informatzeko kanpainak abiatu dituzte, beraien eskubideak eta betebeharrak zeintzuk diren jakin dezaten.  

Horrez gain, osasun sektoreko langileei eutanasiaren legeak biltzen dituen xehetasun tekniko, etiko eta juridikoak azaltzeko trebakuntza saioak jarri dituzte martxan.

Halaber, historial kliniko elektronikoan aldaketak egin dituzte eta kontzientzia-objektoreen erregistroa eratu dute. Zerrenda hori ekainaren 22an ireki zuten.

Bestalde, Osakidetzaren webgunean eutanasia eskatzeko prozesuari buruzko argibideak argitaratu dituzte, pazienteen nahiz profesionalen zalantzak argitze aldera.

Osakidetzako eskariak

Itxaso Bengoetxeak, Euskadiko Eutanasiaren Alorreko Berme eta Jarraipen batzordeburuak, "Faktoria"n azaldu du Osakidetzan badirela jada eutanasia eskariak. Bengoetxeak Euskadi Irratian adierazi duenez, "lege honen zain bazen jendea. Inguruko osasun zentroetatik dagoeneko adierazi digute kasuren bat edo beste badagoela mahai gainean".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Eusko Jaurlaritza Eutanasia Espainiako Gobernua Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak