Gizartea -
Indarkeria matxista
Gizon batek bikotekide ohia hil du Huescan, hiru seme-alaben aurrean
Ikerketa iturriek azaldu dutenez, biktimaren bizilagunek oihuak entzun dituzte eta Guardia Zibila ohartarazi dute.
EITB MEDIA
43 urteko gizon bat atxilotu dute Barbastron (Huesca) ustez bere bikotekide ohia hiltzeagatik. Hilketa biktimaren etxebizitzan izan da, eta bertan zeuden baita ere bikotearen hiru seme-alabak.
Ikerketako iturriek hilketa emakumeak banatze izapideekin lotu dute. Biktima krimena gauzatu den etxean bizi zen bere seme-alabekin batera.
Antza denez, biktimaren bizilagunek oihuak entzun dituzte eta Guardia Zibila ohartarazi dute, handik gutxira etxebizitzara joan baita, eta ustezko hiltzailea atxilotu dute.
Gizonezkoak aurrekari penalak ditu bikotekide ohiaren aurkako genero indarkeria delituagatik, baina gaur egun ez zegoen indarrean inolako urruntze neurririk.
Hilketa matxista izan dela baieztatzen bada, aurten 23 izango dira jada bikotekideek edo bikotekide ohiek hil dituzten emakumeak.