Gizartea -
AGERRALDIA MALLORCAN
Negatibo eman duten gazteek Palma utzi eta etxerako bidea hartu dute
Goizean irten dira ikasleeak uhartetik. Hala ere, behin itzulita, proba egin beharko dute berriz ere eta isolatuta jarraituko dute, kontaktu estutzat hartzen baitira.
ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA
Mallorcako agerraldiarekin lotuta hotel batean konfinatuta egon diren eta negatibo eman duten 200 bat ikasle etxerako bidean dira jada. Horien artean hiru euskaldun daude. Itsasontzi batean ziren eramatekoak Valentziaraino.
Asteazken honetan Palmako epaitegi batek ebatzi duenez, Balear Uharteetako Gobernuak ezin ditu kutsatuta ez dauden gazteak konfinatuta egotera behartu. Beraz, eta derrigorrezko isolamenduari uko egin ostean, positibo eman duten 68 gazteek bakarrik jarraitu beharko dute Palmako Bellver hotelean bakartuta. Horietako sei EAEko ikasleak dira.
Kutsatu ez diren 200 bat gazte Mallorcatik Valentziara joan dira goizean goiz, Osasun Ministerioak horretarako prestatutako itsasontzi batean. Valentziara iritsitakoan, Madril, Galizia, Andaluzia eta Euskadiko gobernuek autobusak jarriko dizkiete gazteak euren erkidegora eramateko.
Hala ere, itzultzean, beste proba bat egin eta isolamenduan jarraitu beharko dute, kontaktu estutzat hartzen baitira.
Bestalde, atzo arratsaldean Getxoko bederatzi ikasleak etxera itzuli ziren. Hegaldia hartzeko ordubete falta zenean utzi zieten hoteletik irtetzen.
Balearretako Gobernuak Palmako epailearen erabakiaren aurkako helegitea aurkeztuko duela iragarri du; izan er,e Mallorcako agerraldiaren ondorioz, Espainiako Estatuan kutsatutako pertsonen kopurua 1824ra igo da, eta, beraz, hartutako erabakia zentzuzkoa izan dela uste du.